Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Matthews nagusitu da hirugarren etapako esprintean eta lider berria da

Erredakzioa

Sunweb taldeko txirindularia izan da azkarrena Bernako helmugako esprintean Sagan eta Degenkolb menderatuta. Gainera, Michael Matthewsek liderraren elastikoa jantzi du.

Michael Matthews (Team Sunweb) australiarrak irabazi du Suitzako Itzuliaren hirugarren etapa Bernako helmugan izan den esprintean nagusituta. Gainera, Matthews da sailkapen nagusiko lider berria.

Menziken eta Berna artean egin da hirugarren etapa eta 159,3 kilometroko ibilbidea izan du. Etapa hasieratik bi txirrindulari ibili dira ihes eginda; Lasse Norman Hansen (Acqua Blue Sport) eta Elmar Reinders (Team Roompot). Tropelarekiko zazpi minututik gorako abantaila izan dute, baina tropelak kontrolpean izan ditu. Hirugarren mailako Gumligentalstrasse mendatearen igoeran Hansen bakarrik geratu da lasterketaren buruan eta tropelak helmugarako 13,5 kilometro falta izan direnean harrapatu du.

Azken hamar kilometroak erritmo bizian egin dira. Aldapa txiki batzuk izan dira azken txanpan. Horrek kalte egin dio liderra zen Stefan Kungi (BMC) eta sallkapen nagusiko lehen postua galdu du tropelarekiko 19 segundora helmugaratuta.

Etapa garaipena esprintean erabaki da, eta hor Matthews izan da onena Peter Sagan (Bora) eta John Degenkolb (Trek-Segafredo) menderatu dituelarik. Michael Matthews da liderra orain eta hamar segundora du bigarren sailkatua den Tom Dumoulin (Sunweb) taldekidea.