Itxi

Txirrindularitza

Elkarrizketa

Jonathan Castroviejo: 'Tourrean egotea da nire ilusioa"

Erredakzioa

Movistar taldeko euskal txirrindulariak adierazi duenez, "Frantziako Tourra hasten denerako sasoi betean egongo naiz".

  • Jonathan Castroviejo. Argazkia: EFE

    Jonathan Castroviejo. Argazkia: EFE

Jonathan Castroviejo Movistar taldeko txirrindulariak argi dauka bere "ilusioa" aurtengo Frantziako Tourrean egotea dela. "Tourrean parte hartzeko ilusio handia dut", adierazi du taldeak publikatutako elkarrizketa batean.

"Tourra hasten denerako sasoi betean egongo naizela uste dut", gaineratu du txirrindulari bizkaitarrak. "Lana ahalik eta ondoen egitea da helburua, jendeak gozatu dezala. Taldeari lagundu nahi diot Nairorekin edo Valverderekin garaipena lortzeko", esan du.

Suitzako Itzulian erorikoa izan eta lasterketa utzi behar izan zuen. Sendatze prozesuari buruz ondorengoa azpimarratu du: "Lehenagotik dakit saihetseko mina zer eta zelakoa den. Ez da erosoa, baina ez dit errendimenduan eragiten", aipatu du.

Datorren asteburuan Sorian egingo den Espainiako Txapelketan egongo da Castroviejo eta garaipena lortzea du helburu: "Helburua irabaztea da. Entrenamendu ona izango da".