Itxi

Txirrindularitza

Colombia Oro y Paz (6. etapa)

Egan Bernalek ezustekoa eman eta txapeldun izendatu da

A.B.

Sky taldeko txirrindulari gaztea izendatu da Colombia Oro y Paz lasterketako irabazle, azken etapan Nairo Quintanari lidergoa kenduta. Etapa garaipena Dayer Quintanak lortu du.

  • Egan Arley Bernal. Argazkia: EFE

    Egan Arley Bernal, txapeldunaren garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Egan Arley Bernal (Team Sky) izendatu da Colombia Oro y Paz 2.1 lasterketako irabazle igande honetan. Sky taldeko txirrindulari gazteak ezustekoa eman du lidergoa kendu baitio Nairo Quintanari (Movistar) azken etapan. Etapa garaipena Dayer Quintanak (Movistar) lortu du.

Seigarren eta azken etapa Armenia eta Manizales artean egin da, eta 186,3 kilometroko ibilbidea izan du. Etapa irabazlea eta lasterketako txapelduna azken hiru kilometroetan erabaki dira. Etapa irabaztetik oso gertu geratu da Rodrigo Contreras. Eskura izan du garaipena, baina tropel nagusian egon diren erasoek eragotzi egin dute bere garaipena. Amaierarako 3 kilometro falta zirenean jo du erasoa Egan Bernalek eta faboritoek ezin izan dute bere erritmoa jarraitu. Hori bai, atzetik bizi etorri da Dayer Quintana eta etapa irabazi du.

Bernal bigarren izan da etapan eta sailkapen nagusian aurretik zituen hiru txirrindulariak iristeko zain geratu da. Bernalek 9 segundo atera behar zizkion Nairo Quintanari, 6 Rigoberto Urani (First-Drapac Cannondale) eta 5 Sergio Henaori (Team Sky). Uranek Bernalek baino 11 segundo beranduago gurutzatu du helmuga, eta Nairo Quintanak eta Sergio Henaok, 22 segundo beranduago.

Ondorioz, Egan Bernal izendatu da garaile, Nairo Quintanak bete du sailkapen nagusiko bigarren postua eta hirgarren postua Rigoberto Uranek eskuratu du.