Itxi

Txirrindularitza

Romandiako Tourra 2023

Vernon, Romandiako Tourreko lehen etapako irabazlea eta lider berria

EITB Media

Ethan Vernonek jantzi du lasterketako liderraren elastikoa, lehen etapa irabazita. Garailea esprintean nagusitu da. Nys izan da bigarren eta Menten hirugarren.

  • Ethan Vernon

    Ethan Vernon, lehen etapan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Ethan Vernonek (Soudal-Quick Step) garaipena bereganatu du Romandiako Tourreko lehen etapan, asteazken honetan, apirilaren 26an, eta liderraren elastikoa jantzi du.

Vernon esprintean nagusitu da Crissier eta Vallee de Joux arteko 170,9 kilometroko ibilbidea izan duen etapan. Thibau Nys (Trek Segafredo) izan da bigarren eta Milan Menten (Lotto Dstny) hirugarren.

Txirrindulari hauexek osatu dute etapako lehen ihesaldia: Tobias Bayer, Julien Bernard, Michael Schar, Dario Lillo, eta Jan Stockli. Hala ere, boskotearen saiakerak ez du asko iraun, Ineos lanean jarri baita tropelean eta ihesaldiko kideak harrapatu egin baititu helmugarako 74 kilometro falta zirenean.

Mont D'Orzeires mendaterako igoeran aldatu da etaparen egitura. Talde handi batek aurrera egin du, eta atzean geratu dira hainbat esprinter. Lasterketa buruan geratu den taldeak erritmo bizia ezarri du eta atzekoek ezin izan dute harekin bat egin. Gainera, bigarren tropeltxoa erratu egin da bidegurutze baten, eta txirrindulariei kosta egin zaie berriz bide egokia bilatzea. Azkenean, esprintean erabaki da etapako irabazlea; han, Vernon jaun eta jabe izan da.

Orain, sailkapen nagusiko lehen postuan dago Ethan Vernon eta Josef Cerny taldekidea da bigarren denbora berdinarekin. Tobias Foss (Jumbo Visma) eta Remi Cavagna (Soudal-Quick Step) hirugarren eta laugarren dira hurrenez hurren, liderrarekiko segundo bakarrera.

Lehen etapako sailkapena:

1 - VERNON Ethan (Soudal) 4:05:34

2 - NYS Thibau (Trek) d. b.

3 - MENTEN Milan (Lotto) d. b.

4 - BARDET Romain (DSM) d. b.

5 - MOSCA Jacopo (Trek) d. b.

6 - SCHULTZ Nick (Israel) d. b.

7 - CALMEJANE Lilian (Intermarche) d. b.

8 - VENTURINI Clement (AG2R) d. b.

9 - OLIVEIRA Ivo (UAE) d. b.

10 - HERMANS Quinten (Alpecin) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - VERNON Ethan (Soudal) 4:12:59

2 - CERNÝ Josef (Soudal) d. b.

3 - FOSS Tobias (Jumbo) +0:01

4 - CAVAGNA Rémi (Soudal) d.b.

5 - DENZ Nico (BORA) +0:04

6 - SUTER Joel (Tudor) +0:05

7 - HAYTER Ethan (INEOS) d. b.

8 - BJERG Mikkel (UAE) 0:09

9 - SOBRERO Matteo (Jayco) d. b.

10 - OLIVEIRA Ivo (UAE) d. b.