Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Juan Ayusok kolpe ederra eman dio Suitzako Itzuliari, eta Skjelmosek maillot horia berreskuratu du

EITB MEDIA

UAEko txirrindulari kataluniarrak igoera bikaina egin du Albula Pass maila bereziko mendatean, bakarka iritsi da helmugara eta bosgarren etapa irabazi du. Bost txirrindulari, tartean Pello Bilbao, minutu batean daude, sailkapen nagusiko lehen postuetan.

  • Juan Ayuso bikain ibili da etapako azken igoeran. Argazkia: EFE

    Juan Ayuso bikain ibili da etapako azken igoeran. Argazkia: EFE

UAE Team taldeko Juan Ayuso txirrindulari kataluniarrak irabazi du, ostegunean, 2023ko Suitzako Itzuliaren bosgarren etapa; izan ere, Ayusok igoera bikaina egin du Albula Pass maila bereziko mendatean (gaina helmugatik hamar bat kilometrora zuen mendate horrek), eta bakarka iritsi da helmugara. Bitartean, Trek-Segafredo taldeko Mattias Skjelmos danimarkarrak maillot horia berreskuratu du, sailkapen nagusiko lehen postura bueltatu baita; hain zuzen, bost txirrindulari, tartean Pello Bilbao (Bahrain-Victorious), minutu batean daude, sailkapen nagusiko lehen tokietan, eta lasterketa irabazteko lehian jarraitzen dute, oraindik hiru etapa geratzen direla.

Egia esan, ikusita nola doan Suitzako Itzulia, ia ezinezkoa da iragarpenik egitea eta asmatzea zer jazoko den. Ostiraleko eta larunbateko etapetako ibilbideak kontrolatzeko zailak dira, eta, indarrak izatekotan, mina egiteko aukera emango dute; igandean, aldiz, azken egunean, erlojupekoa izango da, 25 kilometrokoa. Buruan dauden gizonei erreparatuta, ez da posible hautagai bakarra nabarmentzea; Skjelmose oso ondo doa, baina asteazkenean, ostegunean ere, ez da erabat eroso ibili une erabakigarrietan; pentsatzeko modukoa izan da Felix Gallek (AG2R) maillot horiari eutsiko ziola, baina denbora sariek, azkenean, bigarren posturaino eraman dute; Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step) ez dabil ehuneko ehunean, baina denbora txikia du galduta; Pello Bilbao erregulartasuna erakusten ari da, eta ematen du gora egiten ari dela. Kelderman (Jumbo) eta Bardet (DSM) ere gertu-gertu daude… Sailkapena biziki estu dago, eta edozer gerta liteke.

Zerrenda horretan, jakina, osteguneko irabazlea ere badago, Juan Ayuso. Kataluniarrak huts egin zuen asteazkenean, eta seigarren postura jaitsi zen; baina bosgarren etapan, 14 kilometro geratzen zirela eta lasterketa buruan Rui Costa (Intermarche) eta Antonio Tiberi (Bahrain) zeudela, erasoa jo du, eta harrigarria izan da nola egin duen bat aurretik zihoazenekin, zein azkar. Segituan alde egin du, eta ez du arazorik izan garaipena poltsikoratzeko. Bazirudien maillot horia ere jantzi ahal zuela, kontuan izanik zein ondo ibili den; ez du hori egin, baina hirugarren postuan kokatu da, eta erakutsi du asteazkenekoa erabat ahaztuta zuela. 

Skjelmose eta Evenepoel atzean geratu direnean, oraindik Albula Pass mendateko tarte luzea zuten aurretik ziklistek, baina burua argi izan dute, eta aurrean zeudenei ez diete utzi alde handirik hartzen. Gall liderraren taldean, pello Bilbaok egiaztatu du, beste behin, onenen parean dabilela. Ayusok etapa irabazita, Trek taldeko danimarkarrak maillot horia berreskuratu du, eta podiumera igo da, sailkapen nagusiko lehen postuan kokatu baita berriro ere. Hainbat gizon daude indartsu, eta, oraindik, asko dago ikusteko.

Seigarren etapa, ostiralekoa, La Punten hasiko da, eta Oberwil-Lielin amaitu. 215,3 kilometroko ibilbidea izango du, eta, guztira, txirrindulariek lau mendate igo beharko dituzte: horietako bat 1. mailakoa da, beste bat 2.ekoa, eta bi 3. mailakoak; bi horietako azkena, helmugatik hamar bat kilometrora dago.

5. ETAPAKO SAILKAPENA

1 - AYUSO Juan (UAE) 05:23:01

2 - SKJELMOSE Mattias (Trek) +00:54

3 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.

4 - URÁN Rigoberto (EF Education) d. b.

5 - BARDET Romain (DSM) d. b.

6 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) d. b.

7 - COSTA Rui (Intermarche) +00:58

8 - GALL Felix (AG2R) d. b.

9 - TIBERI Antonio (Bahrain) +01:01

10 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +01:20

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - SKJELMOSE Mattias (Trek) 16:43:41

2 - GALL Felix (AG2R) +00:08

3 - AYUSO Juan (UAE)  +00:18

4 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +00:46

5 - BILBAO Pello (Bahrain) +00:57

6 - KELDERMAN Wilco (Jumbo) +01:16

7 - BARDET Romain (DSM) +01:29

8 - URÁN Rigoberto (EF Education) +01:54

9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +01:57

10 - TEUNS Dylan (Israel) +03:00