Itxi

Txirrindularitza

Kroazian

Caja Rural taldeko Orluis Aularrek irabazi du 2023ko CRO Race lasterketa

EITB MEDIA

Esprinter venezuelarrak, 26 urtekoa eta bere herrialdeko txapelduna bera, errepidean eta erlojupekoan, erorikoa izan zuen probako seigarren eta azken etapan, igandean, baina sailkapen nagusiko aurreneko postuari eutsi zion; larunbatean jarri zen lider.

  • Orluis Aular, artxiboko irudian. Venezuelarrak CRO Race proba irabazi du. Argazkia: EFE.

    Orluis Aular, artxiboko irudian. Venezuelarrak CRO Race proba irabazi du. Argazkia: EFE.

Orluis Aular Caja Rural-Seguros RGA taldeko txirrindulari venezuelarrak irabazi du, igandean, 2023ko CRO Race lasterketa, Kroazian. Esprinter venezuelarrak, 26 urtekoa eta 2022an eta 2023an bere herrialdeko txapelduna bera, errepidean eta erlojupekoan, erorikoa izan zuen probako seigarren eta azken etapako esprintean, Zagreben, baina sailkapen nagusiko aurreneko postuari eutsi zion; larunbatean jarri zen CRO Race probako lider Aular.

Testuinguru horretan, Caja Ruraleko ziklistak hiru segundoko aldea izan du azken sailkapen nagusian Uno-X taldeko Alexander Kristoff norvegiarrarekiko, eta zazpi segundokoa INEOS Grenadiers taldeko Ethan Hayter britainiarrekiko. Aularrek, larunbateko etapan, garaipena eskuratu zuen, Ozalj udalerrian, eta horri esker kokatu zen lasterketako lider.

Azken egunean jasandako erorikoaren ondorioz, Aularrek kolpe latza izan zuen masailezurrean; azken metroetan izan zen erorikoa, venezuelarra etapa garaipenaren bila zebilela. Jayco-AlUla taldeko Campbell Stewart zeelandaberritarrak irabazi zuen etapa, eta CRO Race laserketako irabazlea taldekideek lagunduta helmugaratu zen.

Aularrek azken sailkapen nagusian eta bosgarren etapan erdietsitako garaipenak ez ezik, Caja Rural-Seguros RGA taldeak probako bigarren etapa ere irabazi du 2023ko CRO Racen; izan ere, Iuri Leitao portugaldarrak eskuratu zuen aurreneko postua bigarren jardunaldi horretan.