Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Oscar Rodriguez Ineos-Grenadiers taldean arituko da 2026ra arte

EITB MEDIA

28 urteko burlatarrak bi denboraldi eman ditu Movistarren, Astana taldetik iritsi ostean. Haren palmaresean, 2018ko Espainiako Vueltan La Camperona mendatean irabazitako etapa nabarmentzen da, Euskadi-Murias taldean zebilenean lortutakoa.

  • Oscar Rodriguez, 2018ko Espainiako Vueltan, La Camperonan irabazi zuenean. Argazkia: EFE.

    Oscar Rodriguez, 2018ko Espainiako Vueltan, La Camperonan irabazi zuenean. Argazkia: EFE.

Oscar Rodriguez txirrindulari nafarra Ineos-Grenadiers taldean ibiliko da hurrengo hiru denboraldietan, hau da, 2024an, 2025ean eta 2026an, Erresuma Batuko taldeak ostegunean iragarri duenez. 28 urteko burlatarrak bi denboraldi eman ditu Movistarren, 2022an Astana taldetik iritsi ostean. Haren palmaresean, 2018ko Espainiako Vueltan La Camperona mendatean irabazitako etapa nabarmentzen da, Euskadi-Murias taldean zebilenean lortutakoa.

Haren talde berriak azpimarratu duenez, Oscar Rodriguezek "izaera eta indar handiak" erakutsi ditu amaitu berri den denboraldian; izan ere, maiatzean, Italiako Giroaren 11. etapan, eroriko latza jasan zuen, baina lasterketa handietan parte hartuta esan dio agur 2023ko denboraldiari. Urrian, 33. postuan sailkatu da Guangxiko Tourrean; abuztuan bueltatu zen lehiara, Limousingo Tourrean.

"Oso pozik nago Ineos-Grenadiersen egoteaz", esan du txirrindulariak, taldearen web orriak jasotako adierazpenetan. "Talde honetako kide izatearekin amestu dut beti, munduko onenetakoa baita, eta sentimendu oso berezia da", gehitu du. Burlatarrak gustura ikusten du bere burua mendiko etapetan, eta nabarmendu du "ohorea" dela, besteak beste, Geraint Thomasekin eta Egan Bernalekin ibiltzea, biak ala biak Frantziako Tourraren irabazleak baitira: "Biengandik ikasteko irrikan nago, haien ezagutza baliatu nahi dut ziklista gisa hobera egiteko".