Itxi

Txirrindularitza

XXV. Miguel Indurain S. N.

McNulty gailendu da 2024ko Miguel Indurain Sari Nagusian

EITB Media

Brandon McNultyk irabazi du Miguel Indurain Sari Nagusiaren 25. edizioa. Ihes eginda heldu da azken txanpara, Maxim Van Gilsekin batera, eta estatubatuarra nagusitu da bien arteko esprintean. Ion Izagirre laugarren izan da.

1:26
Miguel Indurain eta Bandon McNulty

Brandon McNultyk (UAE Emirates) irabazi du 2024ko Miguel Indurain Sari Nagusia, martxoaren 30ean, azken txanpara Maxim Van Gilsekin (Lotto Dstny) batera ihes eginda helduta eta belgikarra esprintean menderatuta.

Eguneko lehen ihesaldia azkar sortu da, eta hauexek izan dira tropeletik jauzi egin duten txirrindulariak: Xabier Mikel Azparren (Q36.5), Bol (Burgos), Garcia Soriano (Arabay), Johansen (Sabgal) Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi), Leidert (Lidl) eta Serrano (Polti). Zazpikoteak hainbat kilometro egin ditu ihes eginda, tropelarekiko sei minutu baino gehiagoko abantailarekin; helmugarako 100 kilometro falta zirenean, ordea, zazpikotea seikote bihurtu da, Garcia Soriano atzean geratu baita. Helmugarako 72 kilometrora, berriz, Serranok ezin izan dio jarraitu lasterketa buruan geratu den boskotearen erritmoari.

Gero, Lezauneko igoeran, lasterketaren buruko taldetxoa berriz txikitu da; Azparren geratu da atzean lehenengo, eta Leiderrek etsi du gero. Atzetik, tropelak erritmoa bizitu du, lasterketaren buruko hirukotea kontrolpean mantentzeko. Bolen, Johansenen eta Juaristiren errenta murriztuz joan da, eta talde nagusiak harrapatu egin ditu helmugarako 30 kilometro falta zirenean.

Ondoren, txikitu egin da tropela, eta zortzi txirrindulari ibili dira lasterketaren buruan, baina faboritoen taldeak ez die utzi abantaila handirik hartzen. Lasterketa irabazteko faboritoen artean, Pavel Sivakovek (UAE Emirates) piztu du sua, metro batzuetako abantaila hartuta, baina Eraul igotzen amaitu baino lehen harrapatu dute.

Miguel Indurain Sari Nagusia irabazteko hautagai nagusiak bat eginda sartu dira azken 10 kilometroetan. Brandon McNultyk erasoa jo eta abantaila hartu du, buruan kokatuta. Hori ikusta, Ion Izagirre (Cofidis) jarri da lanean atzeko taldean. Euskaldunak ez du besteen laguntza handirik jaso, eta, horrela, bada, McNulty 14 segundoko abantailarekin heldu da azken bost kilometroetara.

Bazirudien Brandon McNultyk poltsikoan zuela garaipena, baina Maxim Van Gils atzetik etorri da ziztu bizian, eta McNulty gainditu du. Hala ere, estatubatuarrak ez du amore eman, bat egin du belgikarrarekin, eta bien arteko esprintean McNulty nagusitu da. Van Gils izan da bigarren eta Edgar Oscar Onley (DSM) sartu da hirugarren. Azkenean, Ion Izagirre 2023ko irabazleak laugarren postuan amaitu du.

Sailkapena:

1 - MCNULTY Brandon (UAE) 4:55:48

2 - VAN GILS Maxim (Lotto) d. b.

3 - ONLEY Oscar (DSM) +0:02

4 - IZAGIRRE Ion (Cofidis) +0:06

5 - RYAN Archie (EF E) +0:08

6 - BATTISTELLA Samuele (Astana) +0:16

7 - CHAMPOUSSIN Clement (Arkea) d. b.

8 - CRAS Steff (TotalEnergies) d. b.

9 - SCHACHMANN Maximilian (BORA) d. b.

10 - BARCELO Fernando (Caja Rural) d. b.