Itxi

Txirrindularitza

Alpeetako Tourra

De Marchik irabazi du Stansen, Alpeetako Tourrean, eta Fossek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Jayco AlUla taldeko txirrindulari italiarra bigarren etapako ihesaldian izan da, eta indarra eta kalitatea izan du garaipena bakarka eskuratzeko, bikain arituta. Euskaltel-Euskadiko Joan Bou bosgarren postuan helmugaratu da.

3:42

Jayco AlUla taldeko Alessandro De Marchi txirrindulari italiarrak irabazi du, asteartean, 2024ko Alpeetako Tourraren bigarren etapa, Stansen (Suitza); bitartean, INEOS Grenadiers taldeko Tobias Foss ziklista norvegiarrak lider jarraitzen du. De Marchi etapako ihesaldian izan da, beste lau gizonekin batera, eta garaipen bikaina eskuratu du. Ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan sailkapen nagusian, eta Euskaltel-Euskadiko Joan Bou bosgarren postuan helmugaratu da.

Ihesaldia etapako lehenengo zatian sortu da. Helmugarako 33 kilometro gelditzen zirela, Bora Hansgroheko Patrick Gamper austriarrak erasoa jo du, baina De Marchi eta Tudor taldeko Simon Pellaud haren parean jarri dira; De Marchik egin du aurrera, orduan, garaipenaren bila, eta ezin hobeto gailendu da. 1:20ko aldeaz helmugaratu da Gamperrekiko, eta Pellaudi 1:24 atera dio. Foss liderraren multzoa, Bou aurreneko postuetan helmugaratu dela, 1:47ra iritsi da.

Sailkapen nagusian, Tobias Fossek lau segundoko aldea du Jaycoko Chris Harper australiarrarekiko, eta sei segundokoa EF Education taldeko Esteban Chaves kolonboarrarekiko.

Asteazkenerako, aurreikusita dago hirugarren etapa jokatzea. Hori Austriako Schwazen hasiko eta amaituko da, eta 124,8 kilometroko ibilbidea du. Gogorrena jardunaldiko azken 35 kilometroetan izango da; orduan, 2. mailako Weerberg eta Pillberg mendateak igo beharko dituzte parte-hartzaileak, bina aldiz.

2024ko Alpeetako Tourraren 2. etapako sailkapena

1 - DE MARCHI Alessandro (Jayco) 4:47:37

2 - GAMPER Patrick (BORA) + 1:20

3 - PELLAUD Simon (Tudor) + 1:24

4 - MUHLBERGER Gregor (Movistar) + 1:47

5 - BOU Joan (Euskaltel-Euskadi) d. b.

6 - FELLINE Fabio (Lidl) d. b.

7 - TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.

8 - POELS Wout (Bahrain) d. b.

9 - DONNENWIRTH Tom (Decathlon) d. b.

10 - BARDET Romain (dsm) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - FOSS Tobias (INEOS) 8:06:20

2 - HARPER Chris (Jayco) + 0:04

3 - CHAVES Esteban (EF Education) + 0:06

4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 0:10

5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 0:13

6 - POELS Wout (Bahrain) d. b.

7 - BARDET Romain (dsm) d. b.

8 - THOMAS Geraint (INEOS) d. b.

9 - GHEBREIGZABHIER Amanuel (Lidl) d. b.

10 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) d. b.