Itxi

Txirrindularitza

2024ko Fleche Wallonne proba

2024ko Fleche Wallonne klasikoaren profilak, ordutegiak eta parte-hartzaileak

EITB MEDIA

Ardeetako Triptikoa osatzen duten hiru klasikoetako bigarrenaren emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketak asteazkenean jokatuko dituzte, hilaren 17an. Laboral Kutxa eta Euskaltel-Euskadi taldeek parte hartuko dute, eta EITBk zuzenean emango dute, 14:45etik aurrera.

  • 2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoaren profila. Irudia: la-fleche-wallonne.be.

    2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoaren profila. Irudia: la-fleche-wallonne.be.

2024ko Fleche Wallonne klasikoak, ospe handiko Ardeetako Triptikoa osatzen duten hiru klasikoetako bigarrena bera (Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja dira beste bi lasterketak), asteazkenean, hilaren 17an jarriko ditu jokoan emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketak. Hain zuzen, emakumezkoen probako 27. ekitaldia eta gizonezkoen lasterketako 88.a egingo dituzte. EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en bidez, zuzenean emango du, 14:45etik aurrera. Munduko txirrindularirik onenetako batzuk izango dira Fleche Wallonnen, hainbat euskal ordezkari tartean; Laboral Kutxa, emakumezkoen lasterketan, eta Euskaltel-Euskadi, gizonezkoetan, talde parte-hartzaileen artean izango dira.

2024ko emakumezkoen Fleche Wallonne klasikoa

2024ko emakumezkoen Fleche Wallonne klasikoa Huyn hasi eta amaituko da (Belgika); lasterketa 14:00etan abiatuko da eta, 143,5 kilometroko ibilbidea eginda, 17:45etik 18:10era bitartean bukatuko da.

Garaipena lortzeko hautagai nagusien artean, hauek nabarmenduko ditugu: Demi Vollering 2023ko irabazlea eta Lotte Kopecky (SD Worx), Katarzyna Niewiadoma (Canyon), Elisa Longo Borghini eta Gaia Realini (Lidl), Juliette Labous (dsm), Christina Schweinberger (Fenix) eta Ashleigh Moolman (AG Insurance).

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldea aurreneko aldiz lehiatuko da Fleche Wallonnen; txirrindulari hauek izango dira euskal taldearen aldetik: Idoia Eraso, Usoa Ostolaza, Nadia Quagliotto, Ane Santesteban, Debora Silvestri eta Laura Tomasi. Ane Santesteban irtengo da lider gisa.

2024ko emakumezkoen Fleche Wallonne klasikoaren profila

Irudia: la-fleche-wallonne.be.

Irudia: la-fleche-wallonne.be.

2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoa

2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoa Charleroin hasi eta, 199,1 kilometro eginda, Huyn amaituko da. Parte-hartzaileak 11:35ean irtengo dira, eta aurreikuspena da irabazlea 16:11tik 16:38ra bitartean zeharkatzea helmugako pankartapetik.

Tadej Pogacarrek eskuratu zuen garaipena 2023an, baina esloveniarra ez da aurten izango proban; hala, gizon hauek dira faborito nagusiak orain irabazteko: Marc Hirschi, Juan Ayuso, Brandon McNulty eta Joao Almeida (UAE), Mattias Skjelmose (Lidl), Aleksandr Vlasov (BORA) eta Tom Pidcock eta Michal Kwiatkowski (INEOS).

Euskal Herriko txirrindularitzak maila handiko hainbat izen ditu lasterketa bikaina egiteko. Besteak beste, izango dira Pello Bilbao (Bahrain), Alex Aranburu eta Oier Lazkano (Movistar), Jon eta Gorka Izagirre (Cofidis) eta Omar Fraile (INEOS). Euskaltel-Euskadiren aldetik, parte hartuko dute Xabier Berasategi, Victor de la Parte, James Fouche, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Gotzon Martin eta Iker Mintegi txirrindulariek.

2024ko gizonezkoen Fleche Wallonne klasikoaren profila

Irudia: la-fleche-wallonne.be.

Irudia: la-fleche-wallonne.be.