Itxi

Txirrindularitza

Nafarroako Klasikoa

Hannah Ludwigek bikain irabazi du Nafarroako Klasikoa, Iruñeko helmugatik 25 kilometrora erasoa jota

EITB MEDIA

Cofidis taldeko txirrindulari alemaniarrak tropela atzean utzi duenean, oraindik Biurrungo eta Arlegiko harresiak igo behar zituzten, baina ondo eutsi dio lortu duen aldeari, eta garaipen ederra eskuratu du. Jazarpena egin duen multzoa zortzi segundora helmugaratu da.

  • Hannah Ludwig, Iruñean eskuratu duen garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

    Hannah Ludwig, Iruñean eskuratu duen garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

Cofidis taldeko Hannah Ludwig txirrindulari alemaniarrak irabazi du, asteazkenean, 2024ko Nafarroako Klasikoa. Ludwig bakarka helmugaratu da, eta tropela atzean utzi duenean, oraindik Biurrungo eta Arlegiko harresiak igo behar zituzten oraindik, baina ondo eutsi dio lortu duen aldeari, eta garaipen ederra eskuratu du. Jazarpena egin duen multzoa zortzi segundora helmugaratu da. Cofidiseko ziklistak, horrenbestez, aurreneko aldiz lortu du irabaztea profesional mailan, lasterketako seigarren ekitaldian irabazita.

Nafarroako Klasikoan izan diren parte-hartzaileek bederatzi harresi gainditu behar izan dituzte, alegia, batez beste % 21erainoko maldak izan dituzten igoerak: Olaberri, Tiebas, Biurrun, Añorbe, Artaxoa, Obanos, Tirapu, Biurrun eta Arelegi. Movistar taldea etengabe ibili da garaipenaren bila, eta tropela murriztu egin du: Añorbeko harresian, helmugarako 70 kilometro gelditzen zirela, gero eta txirrindulari gutxiago zihoazen multzo nagusian. Hori bai, irabazteko faborito nagusiak ziren ziklista guztiak zeuden tartean.

Lidl-Trekeko Lauretta Hansonek Artaxoan ihes egin du, amaierarako 60 kilometro geratzen zirenean, eta minutu bateko aldea erdietsi du. Bukatzeko 25 kilometro gelditzen zirela harrapatu dute, eta orduan egin du aurrera Ludwigek. Azken horrek minutu eta erdiko aldea eskuratu du, erabakigarria izan da hori.

Cofidiseko alemaniarrak indarra eta abilezia izan ditu atzetik zihoazen ziklisten erritmoari eusteko, eta, horrenbestez, 2024ko Nafarroako Klasikoaren irabazlea da.

2024ko Nafarroako Klasikoaren sailkapena

1 - LUDWIG Hannah (Cofidis) 3:50:16

2 - SIERRA Arlenis (Movistar) + 0:08

3 - VAN ANROOIJ Shirin (Lidl) d. b.

4 - WLODARCZYK Dominika (UAE) d. b.

5 - BEGO Julie (Cofidis) d. b.

6 - PIRRONE Elena (Roland) d. b.

7 - CHAPMAN Brodie (Lidl) d. b.

8 - ARZUFFI Alice Maria (CERATIZIT) d. b.

9 - KERBAOL Cedrine (CERATIZIT) d. b.

10 - BLANCO Iurani (Laboral Kutxa) d. b.