Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

5. etapa

Hindleyrentzat 5. etapako garaipena eta liderraren maillot horia; Vingegaardek denbora sartu dio Pogacarri

EITB Media

Jai Hindleyk irabazi du Frantziako Tourreko 5. etapa. Ondorioz, australiarrak liderraren elastikoa jantzi du. Faboritoen arteko lehian Jonas Vingegaard irabazlearen atzetik helmugaratu den taldean sartu da, eta denbora sartu dio Tadej Pogacarri.

1:02
Jai Hondley

Jai Hindleyk (BORA-Hansgrohe) irabazi du Frantziako Tourreko 5. etapa, asteazken honetan, uztailaren 5ean, eta australiarra da lasterketako lider berria. Faboritoen arteko lehian, aldiz, Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) minutu bat eta 4 segundo sartu dio Tadej Pogacarri (UAE Emirates).

36 txirrindularik egindako ihesaldi jendetsuan sartuta, australiarrak bere taldearen estrategia baliatu du; izan ere, BORAko hiru gizon izan dira ihesaldi horretan. Azken igoeran, Marie Blanquen, indartsuena izan da, erritmo bizia jarri du lasterketa buruan, eta bakarka joan da helmugaraino.

Marie Blanquen bertan, handia izan da Jonas Vingegaardek egindakoa; erasoa jo du faboritoen taldetxoan, eta alde polita lortu du Pogacarrekiko. Orain, sailkapen nagusian, esloveniarrak baino 53 segundo gutxiago ditu; bosgarren etapan gertaturikoa, hortaz, erabakigarria izan liteke aurtengo Tourrean.

Hindley, 27 urtekoa bera, lider sendoa izan liteke. Palmaresean, 2022ko Italiako Giroa du, eta 2020koan bigarren postuan amaitu zen. Sasoi puntu oso onean iritsi da Tourrera; Dauphine Kriteriumean ere erakutsi zuen hori, laugarren tokia lortuz. Kalitatea du edonori aurre egiteko, eta, oraingoz behintzat, maillot horia soinean du, bere lehenengo Frantziako Tourrean. Hori bai, Hindleyk eta bere taldeak, alegia, BORA-Hansgrohek, lan handia egin beharko dute, maillot horiari eusteko, kontuan izanik nola dabilen Jonas Vingegaard; danimarkarrak erakustaldia eman du asteazkenean, indarra eta anbizioa izan ditu, eta kolpe ederra eman dio sailkapen nagusiari.

Hasieratik izan dira erasoak

Asteartean Tourraren laugarren etapan ez bezala, bosgarrenean erasoak hasieratik izan dira protagonistak, bata bestearen atzean. Pirinieoetako etapak hasteak animatu egin ditu txirrindulariak, eta erritmoa bizi-bizia izan da, egun osoan. 30 bat ziklistak egin dute aurrera, eta maila handiko gizonak zeuden talde horretan: adibidez, Jay Hindley, Giulio Ciccone, Wout van Aert, Julian Alaphilippe, Daniel Felipe Martinez eta Omar Fraile. Maila bereziko Soudet mendateko igoera hasi denean, Van Aert, Victor Campenaerts eta Mads Pedersen zihoazen aurretik, segundo batzuetako aldea zutela. Soudeten, lainopean, AG2R Citroen taldeko Felix Gall austriarra izan da aurrenekoa, eta ihesaldiko hainbat parte-hartzaile gertu-gertu zituen; jaitsieran, 17 txirrindulari geratu dira buruan, eta tropela lau bat minutura zebilen.

Krists Neilands Israel-Premier Tech taldeko letoniarra jarri da lasterketa buruan, jarraian, baina Van Aertek eta Alaphilippek Marie Blanque igotzen hasi aurretik harrapatu dute. 1. mailako mendate gogor horren igoerari ekin diotenean, hogei bat segundoko aldea zuten hirurek atzeko taldearekiko; Omar Fraile lan bikaina ari zen egiten bertan, Daniel Felipe Martinez INEOSeko taldekidea behar bezala kokatzea helburu.

Marie Blanque, gakoa

Etaparen giltzarria Marie Blanquen izan da. Felix Gallen AG2R Citroen taldeak gogor jo du aurrera, buruan zebilen taldea ahalik eta gehien murrizte aldera. Austriarra segituan geratu da lasterketa buruan, baina ez bakarka, baizik eta Jai Hindleyrekin batera. Australiarra Gallen parean ibili da tarte batean, baina arin egin du aurrera, eta AG2R taldeko txirrindularia atzean utzi du. Faboritoen taldeak bi minutu inguruko atzerapena zeukan, eta, hortaz, ematen zuen Hindleyk eskura izan zezakeela etapa, bai eta maillot horia ere.

Hori gertatu da, azkenean; baina, aurretik, Vingegaarden eta Pogacarren taldean hainbat mugimendu jazo dira. UAE ibili da tropelaren buruan egun osoan, esloveniarra eta Adam Yates liderra babestuz, baina, bat-batean, Jumbo-Vismak hartu du aurrea; Van Aert aurretik ibili da kilometro askotan, baina taldearen zain izan da eta azken erreleboa eman du, eta, jarraian, Sepp Kussek hartu du ardura. Estatubatuarrak, beti bezain fin, Vingegaard eta Pogacar utzi ditu, nor baino nor gehiago zeudela, faboritoen taldetxoan.

Orduan erasotu du Vingegaardek; Jumboko liderrak aurrera egin du, eta aurkariek ezin izan dute behar bezalako erantzunik eman. Ikusgarria izan da nola harrapatu dituen aurretik zituen ia txirrindulari guztiak; hamar bat kilometro geratzen zirela, Marie Blanqueren jaitsiera amaituta, Cicconeren eta Buhmannen parean jarri da, soilik Hindley zutela aurretik. Australiarrak aldeari eutsi dio, eta, halaber, sailkapen nagusiko lehen postuan kokatu da; Vingegaard du atzean, bigarren tokian, Hindleyk.

Euskal txirrindularitzaren ikuspegitik, ez da zorioneko eguna izan. Pello Bilbao eta Mikel Landa (Bahrain-Victorious) 27. eta 29. postuetan sartu dira, biak ala biak bi minutu eta 55 segundo galduta, eta, sailkapen nagusian, 14. (Mikel Landa) eta 18. (Pello Bilbao) tokietan dabiltza. Etapako onena INEOS-Grenadiers taldeko Omar Frailek utzi digu; santurtziarra eguneko ihesaldian sartu da, eta ahalegin handia egin du Daniel Felipe Martinezen mesederako. Fraileri, hainbat tartetan, aurreneko postuetan ikusi zaio.

Horrenbestez, Pirinioetako lehen eguna interes handikoa izan da. Ostegunerako, baina, pentsatzeko modukoa lasterketa are gehiago jar litekeela hankaz gora; izan ere, seigarren etapan, Aspin (1. mailakoa), Tourmalet (maila berezia) eta Cauterets (1. mailakoa) mitikoak igo beharko dituzte parte-hartzaileek. Lehen aldiz ikusiko ahalko da nola moldatzen den Jai Hindley maillot horia aldean. 

Etapako sailkapena

1 - HINDLEY Jai (BORA) 3:57:07

2 - CICCONE Giulio (Lidl) +0:32

3 - GALL Felix (AG2R) d. b.

4 - BUCHMANN Emanuel (BORA) d. b.

5 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:34

6- SKJELMOSE Mattias (Lidl) +1:38

7 - MARTINEZ Daniel Felipe (INEOS) d. b.

8 - POGACAR Tadej (UAE) d. b.

9 - GAUDU David (Groupama) d. b.

10 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - HINDLEY Jai (BORA) 22:15:12

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:47

3 - CICCONE Giulio (Lidl) +1:03

4 - BUCHMANN Emanuel (BORA) +1:11

5 - YATES Adam (UAE) +1:34

6 - POGACAR Tadej (UAE) +1:40

7- YATES Simon (Jayco) d. b.

8 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +1:56

9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.

10 - GAUDU David (Groupama) d. b.

-------------------------------------------

14 - LANDA Mikel (Bahrain) +3:13

18 - BILBAO Pello (Bahrain) +3:34