Itxi

Artea

HERIOTZA

Patxi Buldain margolari abangoardista nafarra hil da, 97 urte zituela

EITB MEDIA

Uharten jaioa, diziplina anitzeko artista izan zen Buldain. Frantziako lehen abangoardiak izan ziren bere iturri nagusiak; izan ere, Parisen egin zituen Arte ikasketak, eta han landu zuen bere estiloa. Frankismoaren amaieran, Nafarroara itzuli zen behin betiko.

  • Patxi Bouldain artista, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB MEDIA

    Patxi Bouldain artista, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB MEDIA

Patxi Buldain margolari modernista (Uharte, 1927) hil da igande honetan, 97 urte zituela, EITB Mediak jakin duenez. Diziplina anitzeko artista izan zen Buldain: pintura, obra grafikoa nahiz eskultura landu zituen. Bere ibilbidean zehar, 100 erakusketa baino gehiago egin zituen, eta bereziki Frantzian egin zen ezaguna.

Eusko Ikaskuntzak jaso duenez, 18 urte zituela hasi zen margotzen. Frantziara jo zuen, eta 20 urte eman zituen bertan, Arte ikasteko Frantziako Gobernuaren beka bati esker. Espresionismoa eta surrealismoa gertutik ezagutu zituen, eta bere estiloan eragin zuzena izan zuten. 1961ean, Parisko Nazioarteko Erakusketaren ohorezko diploma jaso zuen. Erakusketa anitz egin zituen Frantzian, eta haren lanetako batzuk Malira ere iritsi ziren.

Frankismoaren amaieran, Nafarroara itzuli zen margolaria, eta bere jaioterrian geratu zen, behin betiko, Uharten. 2005ean, Uharte Buldain Fundazioa sortu zuen, bere lana ezagutzera emateko asmoz, baina 2012an itxi behar izan zuen. Azken unera arte, lanean jarraitu du Buldainek, hainbat material eta diziplina landuz.

"Patxi" dokumentala, Ezequiel Degastaldik zuzendutakoa (2019):