Itxi

Bertsolaritza

BERTSOLARITZA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da gaur Anaitasunan, eta zuzenean emango du eitb.eus-ek

EITB Media

Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol lehiatuko dira, Iruñean.

  • Zortzi finalistak, finalaren aurkezpenean. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

    Zortzi finalistak, finalaren aurkezpenean. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Nafarroak bertsolari txapeldun berria izango du gaur, larunbatarekin, Saioa Alkaiza egungo txapeldunak finala berriz irabazi ezean behinik behin. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala gaur jokatuko da, Anaitasuna Iruñeko kiroldegian.

17:00etan hasita, ETB4 eta eitb.eus-eko kamerak horren lekuko direla, zortzi bertsolari arituko dira nor baino nor gehiago: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Horietako bat izango da 2023ko txapelduna.

Parte-hartzaileetako bik, Saats Karasatorrek eta Sarai Roblesek, lehen aldiz kantatuko dute final batean. Julio Sotok, ostera, hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.

Finalisten artean badira txapeldun izandakoak: Saioa Alkaiza egungo txapelduna da, orain bi urte Anaitasunan bertan irabazita. Julio Sotok, berriz, bost txapel ditu irabazita, 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an.

Larunbateko finalaren lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasatuko dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariari jantziko dio txapela Alaitz Rekondo Ferrerok. Aurten, hamabi urteren ondoren, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari kargua utzi du Rekondok, eta une hori baliatu nahi izan du elkarteak orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

Sarrerak salgai daude Bertso Sarrerak atarian, gaurko 15:00ak bitarte.

Finala ETB4 katean eta eitb.eus webgunean jarraitu ahalko da zuzenean, eta ETB1ek buruz burukoa eskainiko du 21:00etatik aurrera.