Publizitatea
X

Irratia zuzenean

VI. Inkesta Soziolinguistikoa: Euskarak 223.000 hiztun irabazi, 25 urtean

Euskara

VI. Inkesta Soziolinguistikoa

Euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urtean

O.A. | EITB.EUS

2017/07/05

Euskararen ezagutza handitzen ari da, batez ere gazteen artean. 16-24 adin tartea kontuan hartuta, %22,5 ziren euskaldunak 1991n; orain, %55,4. Erabilerari dagokionez, berriz, eboluzioa apalagoa da.

2:16
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urtean, beti ere, euskararen eremu osoa kontuan harturik.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak ezagutzera eman dituzte gaur, Baionan. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Erkidegoko datuak orain dela hilabete batzuk jakinarazi ostean, gaurko prentsaurrekoan Iparraldeko datuak eta Euskal Herri osokoak —euskararen eremu osoa hartzen dutenak—ere jakinarazi dituzte.

Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan), eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. Gaur aditzera eman diren datuak 2016koak dira eta, lehen Inkesta Soziolinguistikoa, berriz, 1991an egin zuten.

Ezagutzari dagokionez, azken 25 urteetan bilakaera positiboa izan da: 1991ko % 22,3tik 2016ko % 28,4ra igaro da hiztunen kopurua, sei puntu pasatxoko igoera. Euskararen ezagutza gazteen artean ari da handitzen batez ere. 16-24 adin tartea kontuan hartuta, esaterako, %22,5 ziren euskaldunak 1991n; orain, %55,4. Orain dela 25 urte adin-talderik euskaldunena zena, berriz, 65 urtetik gorakoena (% 28,5), gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da (65 urtetik gorako biztanleen % 20,4 da euskaldun).

Euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntzaren bidez edota euskaltegien bidez jaso dute euskara. Hortaz, euskal elebidunen, elebidun orekatuen eta erdal elebidunen pisu erlatiboa aldatu egin da. Gaur egun, 16 urtetik gorakoen % 26 euskal elebidunak dira, % 29,5 elebidun orekatuak dira eta % 44,5 erdal elebidunak. 1991an euskaraz hitz egiteko gai zirenen % 34,6 ziren euskal elebidunak, % 27,7 elebidun orekatuak eta % 37,8 erdal elebidunak.

Erabilerari erreparatuta, eboluzioa apalagoa izan bada ere, igo egin da azken 25 urtean. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, biztanleen % 25,7k hitz egiten du euskaraz neurri batean edo bestean (% 10,3k euskaraz erdaraz baino gehiago, % 6,2k euskaraz erdaraz beste; eta % 9,2k euskaraz erdaraz baino gutxiago); horri euskara "oso gutxi" erabiltzen dutenen kopurua gehitu behar zaio (% 5,2). Halaber, euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago edota euskaraz erdaraz beste) ere igo egin da. 1991n % 13,7k egiten zuen euskararen erabilera trinkoa euskararen eremu osoan, eta gaur egun % 16,5ek egiten du euskararen erabilera trinkoa.

Euskararen transmisioa kontuan hartuta, hauek dira datuak. Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 93k euskara soilik transmititu du etxean eta % 7k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, % 83k euskara eta erdara transmititu ditu eta % 17k erdara.

Apurka-apurka bada ere, euskararen aldeko jarrera zabaltzen ari da gizartean. 16 urte edo gehiagoko Euskal Herriko biztanleen % 55,8 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 28,2 ez alde ez aurka eta % 16 aurka. 1991ko eta 2016ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 8 puntuko igoera izan du (% 47,5 versus % 55,8).

Euskaldun kopuruak gora egin du Ipar Euskal Herrian

Apalki bada ere euskaldun kopuruak gora egin du Ipar Euskal Herrian. Euskal hiztunak eta hartzaileak kontuan izanda, 2011n baino 1.000 euskaldun gehiago dago orain. Kopuruak gora eginagatik ere, portzentajea jaitsi egin da orain bost urte baino jende gehiago bizi delako Ipar Euskal Herrian.

Lurraldez lurralde, Nafarroa Beherean eta Zuberoan biztanleen % 50 euskaldunak dira. Hala ere, guztira 16.000 hiztun baino ez daude bi probintzia horietan, izan ere, jende kopuru txikia bizi da bi lurralde horietan. Lapurdin, berriz, bi eremu desberdindu behar dira: barnealdean, biztanleen % 25 euskaldunak dira; kostaldean, Biarritz-Angelu-Baiona eremuan, 9.000 soilik dira euskaldunak.

Bestalde, 16-24 urte arteko euskal hiztunen kopuruak puntu bat egin du gora azken bost urteetan, eta datu horri heltzen dio Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak.

 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena