Itxi

Euskara

Euskaltzaindia

Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain oso izendatu dituzte

eitb.eus

Zortzi hilabeteko epea dute orain sarrera hitzaldiak prestatzeko. 1918tik, 92 euskaltzain oso izendatu dituzte, eta, lehen aldiz, ez da elizgizonik izango euskaltzain osoen artean.

Euskaltzaindiak euskaltzain berriak izendatu ditu gaur. Goizean, Iruñean egin den Osoko Bilkuran, euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai emeritu izatearen ondorioz (75 urte beteak dituzten euskaltzain osoak emeritu izendatzen dituzte) sortutako hutsuneak betetzeko, eta Miriam Urkiak eta Roberto Gonzalez de Viñasprek lortu dute arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Hiru hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek urtarrilean, Miriam Urkia, Karmele Jaio eta Roberto Gonzalez de Viñaspre, eta gaur Urkiaren eta Gonzalez de Viñaspreren aldeko hautua egin dute euskaltzain osoek.

Izendapen berrion ondorioz, ehun urteko historian aurrenekoz, ez da elizgizonik izango euskaltzain osoen artean, Patxi Uribarren baitzen abade bakarra.

Bilbotarra jaiotzez, Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961). Trebiñun bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa.

Miriam Urkia (Donostia, 1965) Euskal Filologiako doktorearen lan-esparru nagusiak lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza teknologiak dira. UZEIko langilea da 1983tik.

Hauek dira gaur egungo euskaltzain osoak: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Andres Iñigo, Jabier Kaltzakorta, Xabier Kintana, Joseba Lakarra, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ibon Sarasola, Ana Toledo, Andres Urrutia, Miriam Urkia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide.