Itxi

Gastronomia

Gastronomia

Basque Culinary Center, Donostiatik AEBetara

Erredakzioa

Culinary Institute of America zentroarekin hitzarmena sinatu du BCCk. New Yorken egin dute ekitaldia, Patxi Lopez lehendakaria bertan zela. Arzak, Berasategui eta Aduriz sukaldariak ere egon dira.

01:12
Basque Culinary Center, Donostiatik AEBetara

Basque Culinary Centerrek AEBetara eramango ditu euskal sukaldaritza eta dieta mediterraneoa. Lan horretan Culinary Institute of America izango du lagun, gastronomian erreferentziazko zentroa mundu mailan.

Izan ere, bi erakundeok lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan New Yorken. Akordio horren helburua prestakuntza sustatzea, zentroen artean ikasle eta irakasleen trukea bultzatzea eta ikerketan elkarrekin sakontzea da. Bereziki Euskadiko eta Estatuko gastronomian, ardo munduan eta sukaldaritza ondarean murgiltzea izango dute jomuga, eta AEBetako herritarren artean dieta mediterraneoaren onurak zabaltzeko konpromisoa hartu dute.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak eta L.Tim Ryan Culinary Institute of America (CIA) zentroko presidenteak sinatu dute akordioa. Patxi Lopez lehendakaria izan da bertan, eta Juan Mari Arzak, Martin Berasategi eta Andoni Luis Aduriz Basque Culinary Centerreko patronatuko kide eta sukaldariek ere hartu dute parte ekitaldian. Azken honek, gainera, eskola magistrala eskaini die CIA zentroko ikasleei.

Mundu mailan, erreferentziazko gastronomia unibertsitate egoitza da Culinary Institute of America. Campus nagusia New Yorken du, eta St. Helenan (Kalifornia), San Antonion (Texas) eta Singapurren ere egoitzak ditu. Guztira, 43.000 ikasle izan ditu, eta gaur egun 3.000 dira.