Itxi

Musika

Jaialdia

Avishai Cohen tronpetariak abiatuko du Getxo Jazz

Agentziak | Erredakzioa

Israeldar tronpeta-jotzaileak Bizkaiko udalerriko jaialdia irekiko du, eta, haren ostean, Network supertaldea, Joe Lovano, Stanley Clarke eta Madeleyne Peyroux pasatuko dira agertokitik.

  • AVishai Cohen

    AVishai Cohen

Getxoko jazz jaialdiaren 39. edizioa asteazken honetan, uztailaren 1ean, hasiko da “artista handiz eta talde gaztez beteriko programarekin”. Irekiera eguneko protagonista nagusia Avishai Cohen tronpeta-jotzailea izango da: Biotz Alai plazan joko du, 22:00etan.

Gainera, beste bi saio izango dira: Talde Lehiaketan Massimax Project bandak joko du (Biotz Alai plaza, 21:00etan), eta Hirugarren Milurtekoa atalean Jazzing Band taldeak (Algortako Geltokia plaza, 19:00etan), antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Avishai Cohen (1978, Tel Aviv) bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile onenetakoa da. Hasieran bebop eta post-bop estiloei lotuago ageri bazen ere, bere estiloa norabide berrietarantz doa, inprobisatzaile eta musikagile gisa, Bizkaiko kostaldeko jazzaldiko antolatzaileen arabera.

Bestalde, Talde Lehiaketan, Federico Nathan Quinteto banda uruguaiar-alemana arituko da. Boskotea Montevideon sortu zen, 2008. urtean, eta euren konposizioek eratzen dute gehienbat errepertorioa.

Azkenik, Hirugarren Milurtekoa atalean Jazzing Band taldea izango da protagonista asteazkenean. Artista ospetsuen jazz estandarren hautaketa zorrotza egin dute, besteak beste, Frank Sinatra, Ella Fitzgerald eta Chet Bakerrenak.

Programa indartsua

Getxo Jazzen harira, uztailaren 23a arte Antonio Porcar Canoren "Phocuzz" jazz argazkien erakusketa izango da ikusgai Algortako Torrene aretoan. Artista ospetsuen zuri-beltzezko 25 argazki bildu dira bertan, esaterako, Bruce Barth, Scott Hamilton eta Benny Golsonenak, baita jazzaren giro garbienetik ateratako eszenenak ere.

Ondorengo egunetan, Cohenen lekukoa Network supertaldeak (Stanley Jordan, Charnett Moffett, Casimir Libersi  eta Jeff Tain Watts) ostegunean, Joe Lovano jazz munduko saxofonista interesgarrienetakoak ostiralean, Stanley Clarke baxu-jotzaile mitikoak (Art Blakey, Dexter Gordon, Stan Getz eta Chick Corearekin jo du) larunbatean eta, uztailaren 5ean jaialdia ixteko, ikusmin handiena piztu duen artistak, Madeleyne Peyrouxek, hartuko dute.

Kontzertu nagusi guztiak Algortako Biotz Alai plazan egingo dira, eta 10 eta 23 euro artean balio dute sarrerek. Jazzaldi osorako bonuak, berriz, 65 euro balio du.