Itxi

Musika

Kontzertua, Getxon

El Inquilino Comunista: 'Oso independenteak izan gara beti'

Natxo Velez | eitb.eus

Getxoztar talde “indie” mitikoak etxean jokatuko du larunbat honetan, hilak 7; izan ere, Ereaga hondartzan joko du, Rubia eta Guda Dantzarekin batera.

El Inquilino Comunista 90eko hamarkada hasieran sortutako taldeak kontzertua emango du larunbat honetan. Getxon joko du, Ereaga hondartzaren ondoko aparkalekuan, gurean indie-rockaren aitzindari eta, Los Clavos, Lord Sickness eta beste hainbat talderekin batera, Getxo Sound deitu zenaren sortzailea izan zen taldeak.

Noise popa jorratzen zuen taldeak 90eko hamarkadaren erdialdean bereganatu zuen inoizko arreta mailarik handiena: orduan atera zituzten merkaturatu dituzten hiru diskoak, eta, besteak beste, Lemonheads, Teenage Fanclub, Foo Fighters eta Pavement taldeekin batera aritu ziren. Azken talde horretako baxu-jotzaileak, gainera, estilo horretako taldeentzat Europan zegoen erakusleiho handienean erakutsi zuen taldea, getxoztarren kamiseta bat soinean zuela New Musical Express britainiar aldizkari ospetsuaren lehen orrian agertu baitzen.

Javi Letamendia bateriarekin hitz egin dugu, taldeaz eta larunbateko kontzertuaz.

Ez duzue kontzertu askorik ematen. Zer aurkituko dute Ereagara bertaratzen direnek?

Ez dugu kontzertu askorik jotzen, baina ez diogu entseguak egiteari inoiz utzi. Beraz, talde bateratu bat aurkituko dute, soinu jario gogorrekoa.

90eko hamarkadan, Getxo Sound izenarekin ezagutu zen mugimenduaren barruan sartu zintuzteten. Gustura zeundeten etiketa horrekin? Zer ekarri zion talde multzo hark euskal musikagintzari?

Etiketen aurka ezin da borrokatu. Jendeak eta kazetariek behar dituzte, sailkatu beharra dute, baina Getxo Sound norbaiten asmakeria bat izan zen, Xixon Sound bezala, eta, egia esan, ez zegoen soinu adierazgarri bat, baizik eta eszena bizi bat herrian.

Lantzean behin kontzertuak ematen dituzue, baina 1996tik ez duzue kanta berririk argitaratu. Zer dela eta?

Gutxiengo kalitate estandar batzuk dauzkagu oraindik. Beti egoten dira estudiora sartzeko planak, baina zaila da guztiok bat egitea. “Lou Reed, mila esker” diskoko grabazioa egin genuen, Jonan gure lagunarentzat.

Zuek aitzindariak izan zineten estilo horretan, eta kritikarien eta publikoaren onespena jaso zenuten, baina erabat mundu alternatiboan mugitu zineten. Aitzitik, gaur egun “indie” etiketa puri-purian dago. Nola ikusten duzu etiketa horren egungo hedadura neurrigabea?

Gu hor geunden garaian (1992-96), subpop eta Nirvana fenomenoak gertatzen ari ziren AEBn. Indie underground-a mainstream bilakatzen ari zen, baina gu oso independenteak izan gara beti. Ez genuen horretan parte hartu nahi izan, nahiz eta aukera izan genuen.

Herrian jotzea berezia izango da, ezta?

Bai, badira urte batzuk bertan jo gabe. Jai handia izango da.

Rubia eta Guda Dantza taldeekin batera joko duzue. Nola ikusten duzue Getxoko eszena?

Getxoko eszena beti izan da aktiboa, hor egon da une oro. Aktibitate handia dago, kontzertu asko; espero dezagun hori guztia masa kritiko bihurtzea etorkizunean.

Zer asmo dituzue gerora begira?

Los Paralíticos del Ritmo izeneko proiektuari adi egon beharko da…

gon beharko da…