Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Rafa Ruedarekin elkarrizketa, PiLTren itzulerako kontzertuen atarian

Musika

Elkarrizketa

Rafa Rueda: 'PiLTren kantuek bizirik jarraitzen dute'

Natxo Velez | eitb.eus

2017/05/04

PiLT taldea bueltan da: bost kontzertu egingo dituzte taldean izan ziren bost kideek, agenda beteetan tartea eginda. Lehen emanaldiak ostiralean eta larunbatean egingo dituzte, Bilbon eta Atarrabian

  • Bilbo, Atarrabia, Tolosa, Gasteiz eta EHZ jaialdian emango dituzte kontzertuak

    Bilbo, Atarrabia, Tolosa, Gasteiz eta EHZ jaialdian emango dituzte kontzertuak

    Bilbo, Atarrabia, Tolosa, Gasteiz eta EHZ jaialdian emango dituzte kontzertuak
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

“Off” (edo “pause”) botoia sakatuta zuen PiLTk, 90eko hamarkadaren bigarren erdian eta 2000ko hamarkadaren lehen erdian euskal musikaren eszena biziberritu zuen taldeak, bosgarren eta azken diskoari “Game over” jarrita aldarrikatu zutenez.

Nolanahi den, automatak bezala, erraietatik ateratzen zaigunari erreparatu gabe gaixo, zuloan bizi garen garai honetan, kolorerik izatekotan beti grisez agertzen zaigun zurrunbiloan, bost partida estra jokatuko ditu taldeak asteburu honetan hasita (maiatzak 5, Bilboko Kafe Antzokia; maiatzak 6, Atarrabia).

Txinparta bereziko taldea izan zen mungiarra, 80ko hamarkadako sakralizazio neurrigabearen ondorioz agian, iruditeria kolektibo masiboan bere ekarriari dagokiona bezain arrasto sakona utzi ez duena, bere talde garaikide batzuei gertatu zaien bezala, hala nola Duti edo Deabruak Teilatuetani. Estandarretatik aldentzen zen proposamena aurkeztu zuten bost diskotan Rafa Rueda (gitarra eta ahots nagusia), Aitor Abio (teklatua eta ahotsak) eta Xanpe (bateria) taldekideek, alboan, lau soken ardurapean, lehenik Txarlie Solano eta gero David Gonzalez zituztela.

PiLT

Apeta asetzea erabaki dute orain, eta bost kontzertu emango dituzte, beren proiektuetan geldialdia eginda: Ruedak bakarkako ibilbide luzea du, eta Lou Topet taldean edo Mikel Urdangarinekin batera aritzen da, besteak beste; Abiok Revolta Permanent taldean jotzen du; Xanpek ekoizpen piloa egiten du Koba bere estudioan; Txarlie Solano Mabu proiektuan eta beste hainbat musikariri laguntzen aritzen da Madrilen; eta Gonzalez Berri Txarrak eta Cobra taldeetako baxu-jotzailea da.

Rafa Ruedak bileraren gaineko zertzelada zenbait eman dizkigu ondorengo elkarrizketan.

Zer sentitu zenuten lehen entseguan, errepertorioko lehen kantua jotzen hasi zinetenean?

“Automatak bezala” kantua izan zen jo genuen lehenengoa, Denbora diskokoa, eta, egia esan, oso sentsazio bortitza izan zen, une oso berezi eta hunkigarria, lokalean berriz biltzea tresnak esku artean geneuzkala.

Lagunak gara, eta afariak-eta egiten ditugu, baina berriro elkarrekin jotzea oso berezia izan zen. Dena dela, bigarren kantutik aurrera, hunkiberatasun hori gaindituta, flashback-aren antzeko zerbait bizi izan genuen. Oso naturala izan zen, eta hitzak, esaterako, bat-batean etortzen zitzaizkidan burura, berez, hamabost urtez kantatu gabe egon eta gero ere.

Laukote eta, azken biran, hirukote gisa aritu zineten, baina, taldetik pasatu diren bi baxu-jotzaileak batuta, boskote gisa arituko zarete kontzertu hauetan…

Hor gabiltza… Bai Davidek bai Txarliek gitarra ere jotzen dute, baxuaz gain, eta bostok egongo gara agertokian. Hori oso argi genuen: bostok egon behar ginen honetan.

Hortaz, kantuak moldatu behar izan ditugu, eta aukera askorik ez dago: kantu batean batek tresna bat joko du, beste batean beste batek… Moldatuko gara.

Zer aurkituko du publikoak kontzertu hauetan?

Talde sendo bat aurkituko du, kantu sendoak jotzen. Denok aktibo gaude musikagintzan, eta lehen baino askoz ere kontzienteagoak gara: konturatu gara gure kantuek bizirik jarraitzen dutela, eta oso ondo iraun dutela denboraren proba. Guretzat, sorpresarik handienetakoa izan da hori.

Horregatik esaten dugu gure asmoa ez dela izan revival bat egitea. Entseguetan dugun sentsazioa ez da ezer berpizten ari garela, bizirik egon den zerbaiti berriro heltzen ari gatzaizkiola baizik.

PiLT

Taldea, gainera, ez zenuten ofizialki desegin, ezta?

Ez, guk inertziaz utzi genuen, ez genuen inon aipatu banandu egin behar ginenik ere. Gorputzak ez zigun eskatu berriro biltzea kantuak egiteko, eta hortxe utzi genuen.

Eta, bileraren kariaz errepertorio osoari begiratu beharrak eman dizun ikuspegiarekin, zure ustez, zerk egin zuen berezi PiLT?

Nik uste dut gure arteko kimika oso gauza garrantzitsua izan zela. Sortze prozesu kolektibo bat zegoen hor, gure gainetik zegoen zerbaiten emaitza; izan ere, gustu aldetik, oso ezberdinak gara Xanpe, Abio eta hirurok.

Oso barnetik konposatzen genuen, inolako analisirik egin gabe, eta egiten genuena berria zela esatea gehiegi izan liteke apika, baina bai esango nuke zerbait zintzoa, benetakoa, egiten genuela. Horrek freskotasuna eman zion proiektuari.

PiLTk makina bat gauza ekarri zituen: teklatuak, baxu distortsiodun eta jite funkykoak, “rock alternatiboa” deritzonaren oihartzunak —Faith No More, Helmet…—, inprobisazioak, zuzenekoetan metalezko ontzi handiz inguratuta edo gonak jantzita agertzea…. Freskotasun eta originaltasun hori egun ordezkatzen duen talderik ikusten duzu?

Guk ez genion geure buruari mugarik jartzen, eta otutzen zitzaiguna egiten genuen.

Gaur egungo gazteek beste modu batzuk aukeratzen dituzte sorkuntza bideratzeko; ukitu zoro hori oso gure garaikoa zen. Flipatzeko, guk asmatu behar izaten genuen guztia, eta, gaur egun, flipatzeko ez daukazu zertan ezer asmatu. Gu kalean hezitako umeak ginen, eta hori agertokian ere igartzen zen.

Garaiak aldatu egin dira, eta, eszenan eta fisikoki, egungo sortzaile gazteak pasiboagoak dira mugimendu aldetik. Buruan eztanda handia izango dute, agian, baina itxura pasiboagoa dute estetikoki. Garaiaren erakusle da hori: umetan jolasten ginen moduan jokatzen genuen guk agertokian.

Gizarte ereduak musikara ere lerratu dira. Gaur egun, langile bat ordenagailu aurrean irudikatzen dugu geure buruan, eta, 40ko edo 50eko hamarkadan, aitzurra edo mailua eskuan irudikatzen genuen. Musikan, gauza bera gertatu da.

Lau kontzertu hauen ostean, betiko desagertuko da taldea ala piztu zaizue elkarrekin zerbait sortzeko harra? Atea zabalik utziko duzue?

Zaila izango da. Kontzertu hauek egiteko datak aurkitzea ez da batere erraza izan, eta epe laburrean ezinezkoa izango da, bakoitzak bere proiektuak oso bideratuta dauzkalako, datekin eta abar. Baina ez dugu aukerarik ixten.

Sortzeko, ez dugu denbora nahikorik izan, aurreko errepertorioan lanean ibili baikara. Entseguak egiten jarraituko bagenu, hori izango litzateke hurrengo pauso naturala, baina kontzertuei begira bakarrik egin dugu lan orain arte.

Maila pertsonalean, zelakoa izan da zure erregistro popzaleagatik rock gogorrera lerratzea, distortsio pedala zapaldu eta oihukatzea?

Niretzat, katartikoa izan da, arnasa hartzeko balio izan dit. Bere garaian PiLT utzi eta poparekin hasi nintzenean sentitu nuenaren antzekoa izan da, baina aldrebes. Burua haizeztatzeko egokiak dira horrelako aldaketak.

Dena dela, ez dut musika estilistikoki horrenbeste desberdintzen. Erritmoa, melodia eta harmonia da musika niretzat, ez dago besterik. Ez dut horren alde handia ikusten Faith No Moreren eta Jose Gonzalezen artean, berdin ikusten dut musika Mikel Urdangarinekin jotzen edo “Hil da jainkoa” kantatzen; biak gozatzen ditut.

Adibide bat jartzearren, pedalei eragitean datza bizikletan ibiltzea, eta, lasterketako bizikleta edo paseokoa izan, berdin kostatzen da horiei eragitea.

Bakarkako disko berria aterako duzu aurki. Nola doa grabazio prozesua eta nolakoa izango da?

Uztailean hasiko gara grabatzen, PiLTren azken kontzertua egin eta hurrengo astean, eta nahiko aurreratuta dago. Bakarkako ibilbideari bueltatxo bat eman nahi nion, eta estetikoki ere aldaketak etorriko dira.

Egongo da PiLTren musika gogorragoaren oihartzunik, beraz?

Imajinatzen dut baietz, baina, azken batean, konposizioan ez dago horrenbeste alderik, kantuak janzteko moduak desberdintzen ditu proiektu bateko edo besteko kantuak. PiLTren kantu batzuk, gitarra akustiko batekin jota, ondo erraz uztar nitzakeen nire errepertorioan.

Dena den, igarriko da, seguru asko, lehendik ere baneukalako aurreko lanetatik ezberdintzeko gogoa.

“Adiós a la bohemia” Pablo Sorozabalek eta Pio Barojak sortutako opera laburraren egokitzapena egin dute Rafa Berriok, Angela Molinak eta Joserra Senperenak, eta zu ere bertan arituko zara.

Bai, abentura horretan ere hartuko dut parte. Diskoa grabatu dugu, eta kontzertu horietan izango naiz, Pettirekin batera kantatzen.

XIX. mende hasieran girotuta dago, eta pintore papera egiten dugu. Polita da.

PiLT ikusteko aukerak hauek dira:

Maiatzak 5, ostirala: Bilboko Kafe Antzokia (+ Leun). Sarrerak agortuta.

Maiatzak 6, larunbata: Totem Aretoa, Atarrabia (+ Candidato Manchú)

Maiatzak 12, ostirala: Bonberenea, Tolosa

Maiatzak 13, larunbata: Jimmy Jazz, Gasteiz (+ Hiena).

Ekainak 30-uztailak 2: EHZ jaialdia.


 

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena