Itxi

kultura

FESTIBALA

Gau Irekiaren seigarren edizioa iritsiko da Bilbora

Ixone Arana | EiTB.eus

Doctor Fleming, Bilbo Zaharra eta Mariaren Bihotza plaza, kontzertu, antzerki edo dantza ikuskizunen agertoki izango dira.

  • Gau Irekia 2017 kartela. Argazkia: Gau Irekia Facebook profila

    Gau Irekia 2017 kartela. Argazkia: Gau Irekia Facebook profila

Sarean Elkarteak Gau Irekia gizarte eta kultura festa antolatuko du abenduaren 16an, Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Bertan, doako ehun ekintza baino gehiago egongo dira, hainbat diziplinatakoak: kontzertuak, antzerkiak, tailerrak, esposizioak, performance-ak, kaleko artea eta aktibismoa.

Kultura ireki, parte-hartzaile eta solidarioaren aldeko apustua egiten duen festa hau 2012. urtean sortu zuten bi helbururekin: batetik, auzo horietan dauden erakunde, artista eta mugimendu kulturalen lana ezagutzera ematea, eta bestetik, bertako agente guztien arteko harremanak sendotzea. Programazioa “behetik” antolatzen dute deialdi ireki bat eginez parte-hartzea sustatzeko.

Gau Irekiak lankidetza baliatzen du, bai erakundeena (Berreginen Museoa eta auzo etxeak) bai taberna, denda eta komertzioena. Gainera, kultur talde independente askoren laguntza izango dute (Okela, Consonni eta Pikara Magazine, adibidez), baita gizarte izaera handiagoa duten auzo elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeena ere.

Gainera, espazio publikoak berebiziko garrantzia hartuko du jaialdian; izan ere, Fleming Doktorearen kalea, Bilbo Zaharra eta Mariaren Bihotza plaza kontzertu, antzerki eta dantza ikuskizunen agertoki izango dira eguerditik goizaldera arte.

Aurtengo programazioan kulturarteko aniztasuna, euskararen presentzia eta diziplinen aniztasuna bereizten dira. Esate baterako, musika afrikarra (folklorikoa eta garaikidea) presente egongo da bertan, , Yoruba & Friends, Novisi Percusión eta Betto Snay raperoren

eskutik. Madrilgo Afroconciencia taldeko kide diren Yeison García López eta Lucía Mbomio ere arituko dira jaialdian, beraien liburuak aurkeztuz.

Bestalde, adin guztietako pertsonentzako ikuskizunak egongo dira; txikienentzako antzerki-lanak, Txaloka edo Olentzeroren sekretua adibidez, eta adinekoentzako ekimenak, Mama Crea taldeak Igurco Bilbozar erresidentzian egingo duena esaterako.

Sarean Kultur Elkartea

Parte-hartzea bultzatzen duten kultur ekintzak sustatuz, gizarte kohesioa eta elkarbizitza hobetzea du helburu elkarteak, eta auzo hauen lan artistikoa ezagutzera ematea.

Sarean auzokideentzako kultur gunea da. Bilboko San Frantzisko auzoan dago, eta auzokoen mugimenduaren eta 80ko hamarkadatik bertan lan egiten duten kultur taldeen elkarlanaren emaitza da. 400 ekintza baino gehiago antolatu ditu ordutik: kontzertuak, antzerkiak, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, performanceak eta abar.