Itxi

kultura

Ametsa gauzatu da!

Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an

Erredakzioa

Poloniako Wroclaw hiriarekin batera izango da 2016an Europako Kultur Hiriburu, Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza gaindituta.

02:12
Donostia, Europako Kultur Hiriburu 2016an

Lortu du! Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera. Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza kanpoan geratu dira.

Manfred Gaulhofer epaimahaiko presidenteak eta Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroak egin dute iragarpena Madrilen, Kultura Ministerioan. Irabazlea jakitera eman aurretik, Gaulhoferrek banan-banan aipatu ditu hiri bakoitzaren indarguneak. Donostiari dagokionez, epaimahaia ''''indarkeria gainditzeko ahaleginak'''' bereziki hunkitu duela esan du. Horren harian, ''''izendapenak indarkeria bukatzen lagun dezake'''', epaimahaiaren ustez.

Epaia jakitara eman dutenean, poztasuna nagusitu da Donostiako ordezkaritzan, eta Juan Karlos Izagirre egungo alkatearen eta Odon Elorza lehengo alkatearen arteko besarkada ere ikusi dugu.

Ikusmin handia piztu dute Juan Karlos Izagirre alkateak esan dituen lehen hitzek. Albistea jakitera eman baino ez egin dituen adierazpenetan Izagirrek azpimarratu du ideologia ezberdinetako pertsonak batu dituela Donostia 2016 proiektuak. Izan ere, Donostiako ordezkari ugarik egin dute Madrilera bidaia: Odon Elorza lehengo alkateak, besteak beste.

Azken honek ezin izan die malkoei eutsi. Elorzak poz handiz hartu du izendapena, eta argi utzi nahi izan du ''''proiektuaren filosofia edozein kontsigna politikotik at dagoela''''. ''''Aurrera egiten lagunduko dioten itxaropen elementuak behar ditu hiriak, eta, bazterketarik gabe, guztion bakerako proiektua da hau'''', gaineratu du.

Patxi Lopez lehendakariak Donostia eta euskal gizartea zoriondu nahi izan ditu, ''''gaurkoa denon arrakasta delako''''. Proiektuaren arduradunen lana goraipatu du, ''''irudimenez betetako proiektu erakargarri eta bikaina'''' garatzeko hilabeteetan egindako lanak ''''behar bezalako emaitza'''' izan duelako gaur. Odon Elorzaren lanari aipamen berezia egin dio Lopezek, ''''hautagaitzaren bultzatzailea'''' izan delako.

''''Sorpresa handia izan da'''', Blanca Urgellen iritzian. ''''Proiektu indartsua generaman eta azkenean irabazi dugu'''', adierazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

Ángeles González Sinde Kultura ministroak ere lehengo alkatearen lana izan du gogoan, ''''urteetan Odon Elorzak egindako lana saritzen du'''', esan baitu.

Proiektua

''''Bakea eta elkarbizitza'''' lelopean, Europa anitz eta baketsuaren alde kulturak eta hezkuntzak egin dezaketen lana defendatzen duen proiektua aurkeztu du Donostiako hautagaitzak. Juan Karlos Izagirre eta Odon Elorza buru zituela, 10 pertsonak osatutako taldeak ''''Herritarren energia-olatuak. Elkarbizitzarako Kultura'''' egitasmoaren azken aurkezpena egin zuen atzo Madrilen. Hori, dena den, ibilbide luzeko lanaren azken urratsa baino ez da izan.

Epaimahaia

Kultura esparruko 13 adituk osatu dute epaimahaia. Horietatik sei Kultura Ministerioak aukeratu ditu, eta beste zazpiak Europako erakundeek. Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak erabakitako irizpideen arabera hartu dute erabakia.

Bi kultur hiriburu

Donostiak Poloniako Wroclaw hiriarekin partekatuko du aipamena. Baina, aurretik, Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak ofizialki izendatu behar ditu biak Europako Kultur Hiriburu. 2012ko maiatzean izango da hori.