Itxi

kultura

Zinema-sariak

'20.000 erle espezie' filmak 15 izendapen lortu ditu Goya sarietarako

EITB Media

Guztira, EITBren partaidetza daukaten sei film izendatu dituzte: '20.000 especies de Abejas '(15),' Cerrar los ojos '(11),' Chinas '(4),' Una vida no tan simple '(1),' El suelo de la sultana '(1) eta' La Ermita '(1).

  • Patricia Lopez Arnaiz, Sara Cozar eta Sofia Otero '20.000 especies de abejas' filmean.

    Patricia Lopez Arnaiz, Sara Cozar eta Sofia Otero '20.000 especies de abejas' filmean.

Estibaliz Urresola zuzendari arabarraren 20.000 erle espezie film luzea da Goya sarien 38. edizioko faboritoa, 15 izendapenekin. Urresolaren pelikulaz gain, EITBren parte-hartzea duten beste bost film daude Zinema Akademiak ostegun honetan argitaratu duen izendapenen zerrendan: Victor Ericeren Cerrar los ojos (11 izendapen), Arantxa Echevarriaren Chinas (4 izendapen), Felix Viscarreten Una vida no tan simple (1 izendapen), Isabel Hergueraren El suelo de la sultana (1) eta Carlota Peredaren La Ermita (1). Euskal ekoizpenek 45 izendapen jaso dituzte guztira.

EITBren partaidetza duten filmak kategoria nagusietako gehienetan lehiatzen dira. Horrela, 20.000 erle espezie eta Cerrar los ojos filmak Film Onenaren kategorian lehiatuko dira Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve, David Truebaren Saben Aquell eta Isabel Coixeten Un amor lanekin batera.

Zuzendari Onenaren kategorian, Victor Ericek Juan Antonio Bayona, David Trueba, Isabel Coixet eta Elena Martin (Creatura) zuzendariak izango ditu aurrean.

Bestalde, Estibaliz Urresola Zuzendari Berri Onenaren kategorian lehiatuko da Itsaso Aranarekin (Las chicás están bien), Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez (Upon Entry), Álvaro Gago (Matria) eta Alejandro Marín (Te estoy amando locamente).

Jatorrizko Gidoi Onenaren kategorian, 20.000 erle-espezie eta Cerrar los ojos aurrez aurre egongo dira Upon Entry, Una vida no tan simple eta Te estoy amando locamente pelikulekin.

Gidoi Egokitu Onenaren kategorian, Pablo Bergerren Robot Dreams animaziozko euskal ekoizpena Patricia Fonten El maestro que prometió el mar, La sociedad de la nieve, Saben Aquell eta Por un amor filmeekin lehiatuko da.

Era berean, euskal ekoizpenetan aritu diren aktore ugarik jaso dituzte izendapenak kategoria ezberdinetan (protagonista, antzeztaldeko edo antzezle berri) egindako lanagatik: Patricia López Arnaiz, Martxelo Rubio, Ane Gabarain eta Itziar Lazkano (20.000 erle-espezie); Manolo Solo, Jose Coronado eta Ana Torret (Cerrar los ojos); Alberto Amann (Upon Entry); Julio Hu Chen, Xinyi Ye eta Yeju Ji (Chinas) eta Janet Novas (O Corno).

Izendapen gehien jaso dituzten filmen zerrenda egiten badugu, 20.000 erle-espezie dago lehen postuan 15 izendapenekin, eta ondoren datoz La sociedad de la nieve (13 izendapen), Saben aquell eta Cerrar los ojos (11 izendapen) eta Un amor (7 izendapen).

Gaur eman du ezagutzera izendapen guztien zerrenda Zinema Akademiak, Luis Tosarrek eta Anna Castillo aktoreek aurkeztu duten saio batean. Goya sarien webgune ofizialean ere eskegita dago.