Itxi

Zinema

Estreinaldia

Oskar Santos: 'Pelikula gutxik hartzen dituzte gazteak buruargitzat'

Europa Press

Oskar Santosek Zipi eta Zaperen abenturetan oinarritutako bigarren filma estreinatuko du, “Zipi eta Zape eta kanikaren kluba” lehenengo zatiarekin bost milioi euro bildu eta gero.

2013an txarteldegietan bost milioi euro utzi eta gero, Zipi eta Zaperen abenturetan oinarritutako sagaren bigarren zatia helduko da ostiralean, hilak 29, zinema aretoetara, “Zipi eta Zape, kapitainaren irla”. Oskar Santos film honen eta aurrekoaren zuzendariak elkarrizketa batean esan duenez, berriz ere lortu nahi duen arrakastarako gakoa filmak “zintzotasunez” egitea da. “Irudi errealeko, hezur-haragizko aktoreak dituzten, film gehienek ez dituzte gazteak buruargitzat hartzen”, deitoratu du.

Horren haritik, Santosen ustez, umeentzako edo gazteentzako filmak konplexuak izan daitezke, ez dute zertan “mugatuak eta sinplistak” izan. Filosofiari horri jarraituta, “Zipi eta Zape, kapitainaren irla” filmean hamaika urte zituenean gustuko zuena irudikatu du, ez gaur egungo “gazteentzako zinemak” erakusten duena. Horien artean, halere, salbuespen batzuk zerrendatu ditu: “Pixarren filmak, animaziozko lan batzuk edo Harry Potterren filmak”.

Oraingoan, Zipi eta Zape oporrik gabe zigortuko dituzte, eta uharte urrun batera joan beharko dute, gurasoekin. Han, ekaitz batek Pam andereñoaren, Elena Anaya aktore espainiarrak gorpuzten duen pertsonaia bitxiaren, etxean babestu beharko dute, eta, bertan, familiarik gabeko hainbat neska-mutil araurik gabeko paradisu batean bizi direla ikusiko dute. Halere, Zipiren eta Zaperen gurasoak desagertu egingo dira, gau batean, eta, adiskide berriek lagunduta, anaiek gurasoen desagerpena uharte misteriotsuarekin eta bertako biztanle bitxiekin lotuta dagoela jakingo dute.

“Zipi eta Zape, kapitainaren irla” ez da ohiko sekuela, zuzendariaren esanetan; izan ere, “’Zipi eta Zape eta kanikaren kluba’rekin duen antzekotasun bakarra protagonista berak dituela da”. Hala ere, aktore protagonistek ez dute errepikatu, Santosen azalpen arabera, lehenengo filma egin zutenak “nagusiegiak baitziren”. “Umeak denari emanda aritzen dira, eskatzen diezun guztia egin ohi dute, baina oraingoan are handiagoa zen erronka, eta emaitza bikaina izan da”, esan du.

Uztailaren 29an estreinatuko den bigarren film honetan, film independentea egin nahi zuen Santosek, Indiana Jonesen edo James Bondekin gertatzen den bezala, lehenengoarekin zerikusirik izango ez zuena, “abentura, emozio, misterio eta umore gehiagoz”.

Lehenengo pelikulak ume izateko beharrez dihardu, Santosen hitzetan, eta bigarren honetan “betiereko gatazka aurki daiteke, inoiz konponduko ez dena, gurasoen eta seme-alaben arteko ezberdintasunak”.

"Egia esan, badakit hau hobea dena, baina ez dagokit niri erabaki hori, publikoari baizik", aitortu du Santosek.