Itxi

telebista

Asteburuan

Sentsoreak, robotak eta segurtasuna protagonista, 'Teknopolis'en

A.E.|EiTB

Besteak beste, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako Telematika ingeniaritza ikerketa taldeak datuak modu seguruan igortzea bermatzeko garatu duen protokoloa azalduko du saioak.

Aste honetan sentsoreak, robotak eta segurtasuna izango dituzte hizpide 'Teknopolis' saioan. Hasteko, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako Telematika ingeniaritza ikerketa taldeak datuak modu seguruan igortzea bermatzeko garatu duen protokoloa azalduko du. Lanak hainbat sari lortu ditu, azkena Datuen Babeserako Euskal Agentziak emandakoa.

Tecniker-Ik4ko ingeniariak pertsonen eta roboten arteko elkarlana ahalik eta seguruena izateko ikerketa egiten ari dira eta gai horri buruzkoa izango da saioaren bigarren erreportajea. Industriako robot arruntak robot kolaboratiboak izateko egokitzen dituzte. Horretarako, adimen artifiziala eta sentsorika erabiltzen dute, robotek inguruan dutenaren pertzepzioa izan dezaten. Alboan gizakiak badaude robotak detektatu egin behar ditu eta horren araberako erabakiak hartu. Hainbat robotekin laborategian egiten dituzten esperimentu kontrolatuak ikusiko ditugu.

Etorkizuneko industriatik gaur eguneko industriara salto egingo du 'Teknopolis'ek ondoren, Plasticos Alai enpresara egingo duten bisitan. Plastiko hutsez eginda dauden lurren fabrikazioa ezagutuko dute. Lur horiek lehen begiratu batean egurrezkoak dirudite, baina plastiko hutsez eginda daude eta arrakasta handia dute merkatuan.

Eta azkenik, industria kimikoak erabiltzen duen ura birziklatzeko Europan egiten ari diren ikerketak ezagutuko dituzte.

'Teknopolis' larunbatean izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

ETB2n.