Itxi

telebista

'Oholtzan'

Lau hizkuntzatako bertsolariak, 21:45ean, ETB1en

A.H. | EITB

Mintzola Ahozko Lantegiak martxan jarri duen Europa bat-batean egitasmoaren momenturik onenak bilduko ditu 'Oholtzan' saioak.

0:25

Fenomeno ezaguna da bertsolaritza Euskal Herrian, baina munduan zehar baditu senideak ere. Asko dira beste hizkuntza eta modu ezberdinetan ari diren ahozko kantu inprobisatuak. Horiek ezagutu eta esperimentatzeko Europa bat-batean egitasmoa jarri du martxan Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostia 2016ren laguntzaz. Udazkenean Bartzelonan eta Leonen jardunaldiak antolatu ondoren, joan zen astean izan zen proiektuaren bigarren fasea, lau adierazpenen artean girotze saioak egin baitziren.

Sardiniatik Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriak etorri ziren Euskal Herrira, Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin. Kurdistandik, berriz, Zinar Ala izan zen bisitan. Kataluniatik, Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadoreak, Christian Simelio eta Anaís Falcó corrandistak eta Gerard Díaz eta Marcel Marimon musikariak etorri dira. Beraiekin batera bertsotan denera hamalau bertsolari aritu dira Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion egin diren saioetan. Hizkuntza nahas-mahas horretan Irati Majuelo, Maddalen Arzallus, Miren Ibarluzea eta Renato Capocchia aritu ziren itzultzaile lanetan.

Larunbat honetan, iluntzeko 21:45etik aurrera, saio horietako alerik onenak ikusgai izango dira ETB1eko 'Oholtzan' saioan. Ilaski Serrano gidari dela, Sardinia, Katalunia eta Kurdistango ahozko kantu inprobisatuak ezagutzeaz gain, Maialen Lujanbio, Arrate Illaro, Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariekin batera inprobisatzeko modu eta hizkuntza desberdinen arteko jolasak ikusteko aukera izango da bertan.

'Oholtzan' gaur emitituko da, 21:45etik aurrera, ETB1en.

g>