Itxi

telebista

Gaur, ETB1en

'Dresden babesleku', DSS2016ren begirada errefuxiatuen erronkari

A.A. | EiTB

Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako hiri alemaniarreko biztanleek egungo gerretatik ihesi datozkien pertsonei nolako harrera egin dieten aztertzen du dokumental honek.

0:21

Bideoak (1)

Dresden babesleku du izena Donostia 2016 ekimenaren Europa Transit enbaxadaren baitan egin den hirugarren dokumentalak, eta ordezkaritza ibiltariak pasa den martxoan Alemanian egindako geldiunearen emaitza da. Errefuxiatuen krisiak bete-betean hartu du Europako Kultur Hiriburutzaren urtea, eta gai horri heldu dio, hain zuzen ere, Europa Transit enbaxadaren azken lanak, Xuban Intxaustik zuzendutako lana. Dresden babesleku ETB1en izango da ikusgai gaur gauean, 23:45ean; eta ekainaren 9an, berriz, ETB2n.

2015. urtean, Europan, Alemaniak bakarrik eskaini zien ate irekiko politika gerran dauden herrialdeetatik zetozen errefuxiatuei, eta milioi bat pertsona aterpetu zituen. Dresden babesleku dokumentalak gertakari haren ondorioak aztertu ditu Alemaniako hirian. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoela, Dresdeneko bonbardaketak hiria erabat hondatu zuen eta, hargatik, gerraren indar suntsitzailearen sinbolo bilakatu zenn hiria. Donostia 2016ren enbaxadak sortutako lanak Dresdeneko iragana eta oraina batuko ditu, eta gerraren basakeriatik ihesi datozen errefuxiatuei gatazka belikoa gertu-gertutik sufritu zuen hiriak nolako harrera egin dien aztertuko du; PEGIDA mugimenduaren sorrerak (Mendebaldearen Islamizazioaren Aurkako Europar Abertzaleak) eta etorkinen aurkako kale-agerraldiek iritzi publikoaren arreta-gune bihurtu duten udalerriak, alegia.

Filmean historia gorabeheratsua izan duen hiri zatitua ikusiko dugu, eta nola eragiten duen horrek errefuxiatuen etorreraren aurrean jarrera bat ala bestea hartzeko orduan. Batzuek historian eta euren bizipenetan aurkitzen dituzte harrera-ekimenetan parte hartzeko arrazoiak; beste batzuek, aldiz, iraganean topatzen dituzte kanpotarrak ez onartzeko arrazoiak. Era bereran, tokiko biztanleak eta iritsi berriak bizikide izateko prozesuan kulturak daukan balioa azpimarratzen du Dresden babesleku izeneko lanak, eta horretarako, Dresdeneko hirian martxan dauden hainbat ekimenen berri emango digu; Staatsschauspiel Dresden antzokian astelehenero egiten den Montagscafé, kasu.

Gaur egungo egoeratik abiatuta, Dresden babesleku film dokumentalak argi erakutsiko du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemania etengabe izan dela errefuxiatuen aterpe, eta pertsona desplazatuek babesgabetasun berdin-berdina jasaten dutela gerra guztietan.

Europa Transit, hamar kontakizun Europako bizikidetza gogoan

Donostia 2016ren kanpo misioa osatzen duten hiru enbaxada ibiltarietako bat da Europa Transit. Urtarrilean hasi zuen bidaia, eta gatazka egoeretan elkarbizitzak dakartzan erronken lekuko diren edo izan diren hamar hiri europar bisitatuko ditu: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Pristina, Plovdiv eta Istanbul. Hiri bakoitzean, enbaxadaren taldeak dokumental bat grabatuko du, gatazkaren egungo egoera eta hark utzitako ondare kulturala aztertuz, eta bizikidetzaren eta elkar-ulertzearen balioetan sakontzeko asmoz.

Enbaxada ibiltariaren baitan egingo diren hamar dokumentaletatik hirugarrena da Dresden babesleku. Lehendabizikoak, Mugaldeko mezuak, Europa Transitek Ceutara egindako bidaiaren emaitzak, inmigrazioaren gaia jorratu zuen. In Dialogue, Ipar Irlandako bake-prozesuari buruzko dokumentala, Belfastera egindako bisitan filmatutakoa, apirilean estreinatu zen. Ekainean, Wroclawen grabatutako Liburutegi biziduna lanaren txanda izango da. Seriea osatuko duten hamar lanak ETBn ikusi ahal izango dira, eta, gainera, edonorentzako eskuragarri izango dira jatorrizko bertsioan euskarazko, gaztelaniazko edo ingelesezko azpitituluekin.

Bidaia honetan, hamar dokumentalak filmatzeaz gain, bisitatzen duen leku bakoitzeko bizilagunen testigantzak biltzen ari da Europa Transit. Horiekin, mosaiko digitala osatzen ari da.