Itxi

telebista

Arrauna

Traineru estropaden denboraldia, ETBn

A.A. | EiTB

Arraun emankizunak ETB1en eta eitb.eus-en emango dituzte. 27 izango dira guztira, eta Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak osatuko dute esatari taldea.

Euskal Telebistak abiatu du traineru estropaden denboraldia Lekeitiko Banderarekin, emakumeen eta gizonezkoen denboraldiaurreko probarekin. Ekainaren 12tik irailaren 18ra bitartean 27 emanaldi egingo dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek. Igandekoaz gain, San Miguel eta Eusko Tren liga osoak, ARC-KAE eta Gipuzkoako Emakumeen ligetako bi proba, Euskadi eta Espainiako txapelketak, eta Kontxako Bandera eskainiko dira zuzenean. Mikel Olazabalek gidatuko ditu emanaldiak, Ibon Gaztañazpi adituaren laguntzaz, eta Sara Gandarak protagonisten hitzak bilduko ditu.

Ekainaren 19an hasiko da San Miguel Liga. Aurten, Euskadi Basque Country Bandera Sevillan jokatuko da. Ekaineko azken igandean Getariako Ikurrinaren txanda izango da, emakumeen Gipuzkoako Ligako eta gizonezkoen ARC-KAE Ligako lehen proba.

Uztailean, San Miguel Ligaren barruan, Astilleroko Bandera (2), Petronor Bandera (3), Orioko Bandera (9), Eusko Label Bandera (10), Bilboko Bandera (16), Getxoko Ikurrina (17), Moañako Bandera (23), Boiroko Bandera (24), Gipuzkoako Aldundiaren Bandera (30) eta Zumaiako Ikurrina (31) jokatuko dira. Uztailaren 9, 10, 16, 17, 30 eta 31an Eusko Tren Ligako traineruak ere arituko dira. Bestalde, hilaren 25ean Euskadiko Txapelketako jokatuko da Lekeition.

Abuztuaren 6an ARC-KAE Ligako Ondarroako Ikurrina eskainiko da eta 7an Castro Urdialesen jokatuko den Espainiako Txapelketa. Hilaren 13 eta 14an, berriz, Zarauzko Ikurrina jokatuko dute San Miguel eta Eusko Tren Ligako taldeek.

Abuztuko gainerako estropadak San Miguel Ligakoak izango dira: Hondarribiako Bandera (20), CaixaBank Bandera (21), Ambilamp Bandera (27) eta Portugaleteko Bandera (28).

Irailarekin batera, denboraldiko bandera preziatua, Donostiakoa, iritsiko da. Hilaren 1ean sailkatze saioa emango da, 4an lehen jardunaldia eta 11n bigarrena.

Amaitzeko, hilaren 17an Bermeoko Ikurrina eskainiko da eta 18an El Corte Ingles Bandera. Bi egunetan playoffetako estropada ere jokatuko da mailari eusteko lehian dauden arraun taldeen artean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista