Itxi

telebista

Zuzenean

Tourreko azken etapa eta pilota Etxebarritik, gaur, EiTBn

A.A. | EiTB

Goizean, berriz, Boiron jokatuko den San Miguel Ligako estropada eskainiko da.

Euskal Irrati Telebistaren igandeko kirol eskaintzak arrauna izango du abiapuntu. Boiroko Bandera jokatuko dute San Miguel Ligako traineruek 12:00etatik aurrera, eta horren berri zuzenean emango dute Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak ETB1en.

Arratsaldean, bi kirol emankizun izango dira: Frantziako Tourreko azken etapa eta Etxebarriko pilota jaialdia. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak Chantillyn hasi eta Parisen amaituko den etaparen nondik norakoak ekarriko dizkigute 16:00etan.

17:30ean, txirrindularitza emankizuna ETB4ra pasatuko da, eta 'ETB Kantxa' saioa hasiko da ETB1en . Bi partida jokatuko dira: J. Retegi-Irusta eta Jaunarena-Merino I bikoteen artekoa eta Irribarria-Rezusta eta Altuna III-Barriolaren artekoa, Bizkaiko 5 eta erdiko torneokoa, azkena. Xabier Euzkitze, Joxean Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.

ETB1eko kirol eskaintza osatzeko, herri kirolen tartea zabalduko dute 13:30ean, hilaren 17an Alegian jokatu zen Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa eskaintzeko. Juanan Legorburu arduratuko da emanaldiaz.

Azkenik, ETB4n, 11:00etan, pilota afizionatuen Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala izango da ikusgai, Iñigo Aiestaranen eta Jon Eskuderoren kontakizunarekin.

Emanaldi guztiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dira.