Itxi

telebista

23:50, ETB1en eta eitb.eus-en

'Mugaminak' dokumentala, gaur, 'Europa Transit' ekimenaren eskutik

A.A. | EiTB

Amets Arzallus bertsolaria protagonista da Zipren eta Euskal Herrian filmatutako ikus-entzunezkoan.

Donostia 2016ren 'Europa Transit' ekimenaren eskutik, Mugaminak dokumentala izango dugu ikusgai gaur gauean, 23:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Amets Arzallus bertsolariak Ziprera egindako bidaia kontatzen du. Duela 50 urte baino gutxiago bizitako gatazkaren ondorioak ezagutuko ditu bertan Arzallusek. Xuban Intxausti zinemagilea da lanaren zuzendaria.

Zipre uhartea Europan zutik dagoen azken harresiak zatitzen du 1974tik. Muga horrek uhartea bi komunitatetan banatzen du: greziar-zipretarra eta turkiar-zipretarra. Donostia 2016ren 'Europa Transit' enbaxada ibiltariarekin bat egin zuen Amets Arzallus bertsolariak uztailean, Zipren; han ere badago bat-bateko eta ahozko poesiaren tradizioa. Bidaia hori kontatzen du Mugaminak lanak.

Partekatutako mugak

Familia asko etxerik gabe utzi eta hildako eta desagertu ugari eragin zituen gatazkaren ondorioak ezagutuko ditu Arzallusek Zipren egindako egonaldian. Bertako musikari eta poetekin harremanetan jarriko da, eta haiekin herrialdearen gaur egungo egoera ezagutuko du.

Era berean, Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du bertsolariak. Bera Euskal Herria bereizten duen mugatik oso gertu jaio zen, eta hesi horrek bere bizitza markatu du. Amets Arzallus bertsolariaren begiradaren eta bertsoen bidez kontatutako dokumentala da Mugaminak. Bat-bateko kantuen bidez, gaur egungo Europako bi mugaren ondorioak ezagutuko ditugu.

'Europa Transit', Europako bizikidetza helburu

'Europa Transit' enbaxadaren ibilbidea hamar hirik osatzen dute; bakoitza bere moduan, denak izan dira edo dira gatazkaren edo elkarbizitzari lotutako erronken lekuko: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika. Xuban Intxausti zinemagilea buru dela, enbaxada osatzen duen lantaldeak dokumental bat filmatu du hiri bakoitzean, elkarbizitzarako kulturaren balioetan sakontzeko asmoz.

Dokumentalak filmatzeaz gainera, 'Europa Transit' mashup bat (ikus-entzunezko konposizio bat) ere sortzen ari da, enbaxadak bisitatu dituen leku horietako jendearen testigantzak jasota. Gai berei buruz galdetu diete hiri horietako bizilagunei, Europan bizi diren askotariko identitate-kontzepzioen mosaiko digitala egitea helburu. Mashup hori europatransit.dss2016.eu webgunean dago, eta 'Europa Transit' leku berrietara iritsi ahala elikatzen doa.

Ikus itzazu 'Europa Transit'en dokumentalak nahieran.

n.