Itxi

telebista

ETB1en

Erroibarren izango da, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa

A.A. | EiTB

11 kontzejuk osatzen duten Nafarroako udalerria ezagutuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.

0:20

Nafarroara hurbilduko dira gaur Zuhaitz eta Pagadi, Erroibarrera hain zuzen. 11 kontzejuk osatzen dute udalerri polit hau, eta 800 lagun inguru bizi dira kontzeju horietan sakabanatuta. Aintzioa, Ardaitz, Aurizberri, Bizkarreta, Erro, Esnotz, Lintzoain, Loizu, Mezkiritz, Orondritz eta Zilbeti dira kontzejuak. Erroibarretik milaka erromes pasatzen da urtero Santiago bidean, eta mundu osotik datozen erromesak Erroibarko egunerokotasunaren parte dira gaur egun.

Pagadik 2. Mundu Gerran Mezkiritz herritxoan erori zen hegazkin amerikar baten arrastoa jarraituko du. 1944ko ekainaren 25ean erori zen hegazkina, eta herritarrek babesa eman zieten paraxutean salto egin zuten pilotu amerikarrei. Oraindik ba omen da bere etxean hegazkin horren metal zatiren bat gordetzen duenik, eta Pagadik bilaketa horri ekingo dio programan zehar. Herriko alguazilak emango dio istorio bitxi honen berri. Bide batez, alguazilak, opor txiki batzuk Mezkiritzen, jaioterrian, pasa ondoren, Ameriketara alde egiteko puntuan dagoen osaba aurkeztuko dio Pagadiri, eta etxe atarian, hamaika istorio kontatuko dizkio.

Uretako señoriora iritsiko da gero Pagadi. 3 etxe eta bi bizilagun baino ez dira han bizi: semea eta bere ama. Asteburutan, semearen semeak ere bai. Toki lasaia da oso, eta dorretxea barrutik ezagutuko du Pagadik. Han ere badira beste era bateko bizilagunak… gauez bakarrik ateratzen den saguzahar familia handi bat. Eguna bunker baten barruan amaitu du Pagadik. Auritzberriko bizilagun gazte batek eramango du 2. Mundu Gerraren garaiko bunker zahar horretara, eta txikitako istorioak kontatuko dizkio.

Zuhaitzek erromesen arrastoa jarraituko du. Urtero 60.000 erromes inguru pasatzen dira Erroibartik Santiago bidean, eta horietako askok Bizkarretatik pasatzen dira. Han aurkituko du Galdakaoko erromes bat mokautxo bat jaten eta atseden hartzen. Harekin solastatzen den bitartean, mundu osotik iritsitako hainbat erromesekin mintzatuko da ere bai. Errogainen, bere furgonetatxoa bere negozio bihurtu duen gaztea ezagutuko du Zuhaitzek. Furgonetan denetarik saltzen die handik pasatzen diren erromesei, fruta, edariak, tiritak nahiz kafe beroa. Mezkiritzen, bertsozale amorratua den gazte bat ezagutuko du. Bizilagun gutxirekin dauka bere zaletasuna konpartitzeko aukera, baina hain da handia bere maitasuna bertsolaritzarekiko, ze asteburu askotan kilometro piloa egiten du Erroibartik Euskal Herriko edozein txokora joateko bertso emanaldi bat ikusi ahal izateko. Erroibarko herririk altuenera ere igoko da Zuhaitz, Aintzioara hain zuzen. 900 metrora dago herritxoa eta 17 lagun baino ez dira bertan bizi. Hango alkatesa ezagutuko du, 30 urteko neska gazte bat.

ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa, 22:00etan.