Itxi

telebista

'El Conquis'en 6. atala

Rebecak Ipar gutxietsi eta duelua galdu du

Kanporatua izan ondoren, Saiok arrantzale batzuek eskainitako janaria onartu duela salatu bilbotarrak, eta talde berdeko emakumeak gutxiestea egotzi dio David Secori.

Rebeca arriskuan jarri zen eta arerio txarra aukeratu zuen "El Conquistador del Caribe" saioaren 6. ataleko duelurako. Izan ere, lianen dueluan Iparrek argi utzi du, talde gorriko animatzaileetako bat izateaz gain, jokoak egiterakoan kontuan izan beharreko lehiakide bat dela. Lianekin egin zuen lehen saialdia apartekoa izan zen: nekez iritsi zen azken sokaraino eta zentimetro gutxi batzuk baino ez zituen faltan izan bandera lortu ahal izateko. Garaipena ia-ia eskuetan izan zuen, baina uretara erori zen. Rebecak, bestalde, ez zuen lortu hirugarren liana baino aurrerago iristerik. Jakin bazekien ez zela gai izango duelua bukatzeko. Iparrek, lehenengo saialdia egin eta gero, eskuak zaurituta zituen, eta amaieraraino iristeko ezinduta gelditu zen. Orduan, kapitainen ordua iritsi zen; Julianek ezustean harrapatu zituen Erku eta David Seco, eta Rebecaren eta Iparren etorkizuna beraien eskuetan zegoela esan zien. Dueluan kale egin zuten, eta, ondorioz, kapitainen sendotasuna zalantzan dago: sasoi txarrean iritsi dira saiora edo haien ahalmena uste baino txikiagoa da. Proba ohartarazpen bat izan zen Erkurentzat eta David Secorentzat.

Baina, ezustekorik harrigarriena Julianek Rebecari egin zion elkarrizketan iritsi zen. Bilbotarra mihiluzea izan zen, eta esan zuen talde berdean haustura dagoela, Davidek taldeko emakumeak gutxiesten dituela (Saioa izan ezik) eta Saioak akats larri bat egin duela kanpamentuan, arrantzale batzuek eskainitako janaria hartu baitu. Kontu horren inguruko gehiago jakingo dugu asteazkenean, "El Conquis" eztabaida-saioan, Patxi Alonsorekin eta Bilboko lehiakidearekin.

Gainerako taldeetan ere, gauzak ez daude askoz hobeto. Gorriek protesta egiteko taktikarekin jarraitzen dute; oraingoan ez da Erku bakarrik izan (ohiko bilakatu dira kapitainak oihu eta kamerariei enbarazu egitea). Isma eta Unai taldeko buruaren pare jarri, eta saioko mediku taldearen aurka jarri dira. Talde gorriko hainbat kide nekatuta daude Unairen protestekin, Nerea haren bikotekidea barne. Kanpamentu oso txiroa talde gorria adorerik gabe uzten ari da.

Talde urdineko kideak lehen orduak igarotzen ari dira kanpamentu aberatsean, Marcelorik gabe, baina oraindik ere arazoak dituzte. Dennisek uste du bera izango dela Idoiaren hurrengo "biktima". Nafarrak kubatarrari egotzi dio haren jantziak lapurtzea, baina ez du kameren aurrean egin. Gainerako taldekideek badakite gatazkak ez direla etengo Idoia taldean dagoen bitartean. Nola bukatuko du harreman toxiko hark? "El Conquistador del Caribe" saioaren hurrengo atalean ikusiko dugu.

.