Itxi

telebista

Zinema

'Baztan' eta 'Ehun Metro', gaur, eitb.eus-en eta ETB1en

A.A.

Euskal zinema izango da nagusi gaur arratsaldean, eitb.eus-en eta ETB1en.

Euskal zinema izango da nagusi ETB1eko eta eitb.eus-eko gaur arratsaldeko programazioan. 16:00etan, Baztan pelikula eskainiko da, eta ondoren, Ehun Metro.

Iñaki Elizalde zinemagilearen lehenengo film luzea da Baztan, eta Unax Ugalde eta Carmelo Gomez aktoreak ditu protagonista. XVII. mende hasieran Baztan ibarrean agoteen aurka arrazagatik izandako diskriminazio bortitza du mintzagai filmak.

2011ko udazkenean filmazio talde batek ibar ezkutu horretara egindako bidaia erakutsiko du pelikulak. XVII. mendearen hasieran izandako gertakari ilun batzuei buruzko film bat grabatzen ari direla, bertako biztanleekin harremanetan izango dira (horietako batzuk filmeko aktoreak dira). Orduan konturatuko dira hamar mende geroago oraindik ere arrazagatiko diskriminazioa dagoela bertan.

Zuzendariak agotek jasandako diskriminazioaren inguruko bi ikuspuntu emango ditu: gaur egungoa, filmaketa taldeko kideen eskutik, eta gertakari bortitz haiek izan ziren garaikoa, grabatuko duten film hori XVII. mende hasieran girotuta baitago eta orduko ohiturak eta basakeriak erakutsiko baititu.

Eta ondoren, Ehun metro

1985. urtean eginiko euskal filma da Ehun metro. Alfonso Ungriak zuzendu zuen, eta Klara Badiola, Patxi Bisquert eta Carlos Zabala ditu protagonista. Ramon Saizarbitoria idazlearen izen bereko eleberri famatuan oinarrituta dago. ETAko kide baten istorioa kontatzen du, Donostiako Parte Zaharrean Poliziari ihesi doan bitartean.

Gaur arratsaldean, euskal zinema eitb.eus-en eta ETB1en.