Itxi

telebista

'El Conquis'en 14. atala

Izetak Iñigo kanporatu du talde urdinak iruzur inozo bat egin ondoren

Izetak getxotarra kanporatu du bateratzea iristear zegoenean. Bi taldeak batu direnez, David Secok ere agur esan dio saioari.

Iñigo "El Conquistador del Caribe" saioan protagonista izan da berriro, 14. atalean oraingoan, bateratzea iristear zegoela. Getxotarrak Izetaren aurkako duelua galdu zuen, eta, Juliani esandako arrazoiak entzun ostean, ez zen argi gelditu benetan etxera joan nahi zuen ala aurkarien taldeko indartsuena kanporatzeko indar nahikorik zuen. Apustu egin eta galdu egin zuen. Kanpamentuan, duelura joateko aurkeztu zuen bere burua, olioaren eta gatzaren iruzurraren bultzatzailea Carol izan arren. Mayayotarrak duelutik libratu zituen Izeta aukeratzerakoan. Izetaren aurkako duelua ez zen parekatua izan: Iñigok ezin izan zuen metro bat ere egin palmondoan gora, eta Aiakoa abilezia handiz igo zen palmondoaren goiko aldean zegoen banderatxo salbatzaileraino.

Baina, zergatik joan zen talde urdineko kide bat duelura immunitate jokoa irabazi bazuten? Jokoa irabazi ondoren, talde urdineko kideak pozik zeuden, baina David Secoren azerikeriak urdinen etorkizuna aldatu zuen. Berdeen kapitainak olioa eta gatza zituen pitxer bat aurkitu zuen, eta lau haizetara zabaldu zuen berria. Txarroa eskuan zuela iritsi zen bilerara, eta, ondorioz, Alex ere batzarrera deitu zuten, azalpenak emateko. Tipo inuzente eta zintzoa zela erakutsi zuen urdinen kapitainak: iruzurra onartu zuen eta, automatikoki, arriskuan jarri zituen taldekideak. Gero, bileran, David Secok erantzukizuna saihestu eta errazena egin zuen: Izeta jarri zuen arriskuan eta taldekideei utzi zien zailena. Izendapenetan agerian gelditu ziren taldearen banaketa eta kide bakoitzaren desirak. Izetak, bere burua salbatu nahian, Saioa izendatzeko eskatu zion La Kaxerri. Mayayotarren aurka egin zuten gainerako kideek, eta guda hasia zen orduan. Aita-semeen izendapena shock bat izan zen bientzat, batez ere Iñakirentzat. Izendapen hark ondorioak izango ditu etapa bateratuan.

Bileraren ostean zer gertatu zen ere badakigu. Davidek taldeko zazpi kide sartu ditu bateratze fasean eta, Erkurekin eta Marcelorekin gertatutakoa ikusita, argi dago Karibeko kapitainik onena izan dela Busturikoa. Orain, banaka erakutsi beharko dute nor den indartsuena. Hiru emakume baino ez dira gelditzen fase berrian, baina edozer gerta daiteke "El Conquistador" saioan. Dennis saioa uztear izan zen. Haren beherakadak oso deigarriak izan ohi dira, baina baliteke pattarra izatea kanpamentu aberatsean izan duen zorabioaren eragilea. Dennisek borrokan jarraituko du, eta saioak eskertu egiten dio.

.