Itxi

telebista

Etxebarriko greba

'163 días: la huelga de Bandas' dokumentala, gaur, ETB2n

A.E.|EiTB

Etxebarriko greba historikoa, Frankismo garaiko grebarik luzeena izan zena, izango du ardatz dokumentalak.

Gaur gauean, 163 días: la huelga de Bandas Doxa Producciones ekoiztetxeak Euskal Telebistarekin lankidetzan egindako dokumentala estreinatuko da ETB2n, 22:30ean. Laminaciones de Bandas en Frío Etxebarriko (Bizkaia) enpresako langileek egin zuten greba historikoa du ardatz. Hain zuzen ere, egun hauetan betetzen da grebaren 50. urtemuga.

Besteak beste, Etxebarri, Basauri, Bilbo eta Barakaldon grabatu dute dokumentala, grebaren gune nagusienetan. Ikus-entzunezko lan honek 163 greba egunetan gertatutakoa errepasatuko du. Hainbat gertakizun gogoratuko dituzte, eta protagonista izan zituzten lagunen eta adituen testigantzak jasoko dituzte.

Larraitz Zuazok (Nosotras, mujeres de Euskalduna, 2016) zuzendu du filma, eta berarekin aritu dira lantaldean Juantxu Beloki argazkiaren arduraduna, Koldo Jones arte zuzendaria eta Xanti Salvador soinu postprodukzioaren burua.

Iñigo Sancho Bombin UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslearen unibertsitate proiektua du oinarri dokumentalak. Etxebarrikoa da, eta aitona grebalarietako bat izan zen. Hainbat ikaskiderekin batera, film laburra eta dokumental proiektua egin zituen unibertsitatean greba historikoaren kontakizuna berreskuratzeko.

Franco garaiko grebarik luzeena

'La huelga de Bandas' 1966ko azaroaren 30ean hasi zen; langileen eta zuzendaritzaren arteko auzi batek piztu zuen greba. S.A. Basconia eta Bizkaiko Labe Garaiak enpresa zen garai hartan lantegiaren jabea. Pizgarrien murrizketak eta bi aldeen arteko harreman tirabiratsuak eragin zuten. Lan aldarrikapen xume modura hasi zenak 163 egun iraun zuen, eta euskal langile mugimenduaren sinbolo bilakatu zen. Estatuan eta nazioartean, halaber, oihartzun handia izan zuen.

Honako hauek izango dira dokumentalaren alderdi azpimarragarrienak: Bizkaiko hainbat elizatan grebalariek ia egunero egiten zituzten batzarrak; ezkutuan egin eta zabaltzen zituzten panfletoak; elizgizonen laguntza eta grebalariek jasotako elkartasun handia, eta legearen mugan ibiltzea. Greba 1967ko maiatzaren 15ean amaitu zen, Bizkaian Francok salbuespen-egoera agindu eta hilabetera. Jazarpen eta errepresio giroa zen nagusi. Torturak, atxiloketak eta deportazio garaia zen. Lantegiko 33 kaleratuak izan ezik, gainontzeko langileak berriro lanean hartu zituztenean amaitu zen greba.

'163 días: la huelga de Bandas', gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB2n. Ordu horretan bertan, eitb.eus-ek online eskainiko du streaming bidez.