Itxi

telebista

22:30ean

Futbol zelaietako liskarrak hizpide, gaur, 'Equipo de Redacción' saioan

EITB

Su hijo no es Messi: Padres Holligans erreportajeak futbolean sortzen diren indarkeria egoerak aztertuko ditu, batez ere jokalarien gurasoen artekoak.

1:10

Indarkeriaren Kontrako Komisioaren azkeneko informearen arabera, goruntz egin dute afizionatu mailako futbol partidetan sortzen diren liskarrek. 57 partiden artetik, bat amaitzen da gorabeheraren batekin, eta gehienetan, jokalarien gurasoak dira protagonistak. Gaur gauean, 'Equipo de Redacción' saioak indarkeria egoera hauen arrazoiak aztertuko ditu.

Azkeneko asteetan halako hainbat egoera bizi izan dira: Valle del Ebro eta SD Logroñes taldeen arteko partida amaitzean, aita batek beste taldeko jokalari baten amari muturrekoa eman zion. Protagonisten testigantzak bilduko dituzte eta ekintzak izandako ondorioak azalduko ditu. Euskadin, Sestao eta Kostkas taldeen arteko norgehiagokan, Sestao taldeko atezainak kontrako taldeko jokalari bati ostikoa eman zion penaltia botatzera zihoanean. Bi klubek eman zituzten azalpenak jasoko ditu saioak eta atezainaren amarekin izango dira, bere semea taldetik kanporatua izan ondoren.

Benetako holliganak bihurtzen al dira gurasoak seme-alaben partidak ikustera joaten direnean? Zergatik dute horrelako jokaera? Ze ondorio du horrek seme-alabengan? Alfredo Saez entrenatzaile eta psikologoak jokaera hauen atzean dauden arrazoiak aztertuko ditu.

Oihuak, irainak, objektuen jaurtiketa eta eraso fisikoak ez dira bakarrik gurasoen gauza. Partida batean parte hartzen duten guztiek izan ditzakete mota horretako jokaerak: arbitroek, entrenatzaileek, jarraitzaileek eta jokalariek. Horietako bakoitzak zelaian ematen diren jokaeren aurrean duen erantzukizuna azalduko dute.

Arbitroak dira indarkeri egoera hauek gehien jasaten dituztenak. Arazoak dituzte euren lana egiteko? Emakumeek gizonek baino irain gehiago jasaten dituzte? Saray arbitroa da eta zelaian bizi izan dituen egoerak azalduko ditu.

Bestalde, Rafa Alkorta futbol jokalari ohiak urteetan zehar futbolean indarkeria nola garatu den azalduko du. Mikel Rekalde kazetariak gure taldeetako ultren jokaeraz hitz egingo du eta euskal afizioak bizi izan dituen momenturik gogorrenak gogoratuko ditu. Saioak gainera, biktimen testigantzak bilduko ditu.

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.