Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

Goenkale

'Goenkale'ren azken atala grabatu dute

A.E.

EiTB

Abenduan amaituko da telesaila, baina, bitartean, astelehen gauero dago ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

4:15

Astelehen honetan grabatu dute ETBko Miramongo produkzio etxean 'Goenkale' telesail beteranoaren azken atala. Dena den, Pausokak eta ETBk elkarlanean egiten duten telesaila abendura arte izango da ikusgai, eta, bien bitartean, astelehen gauero eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean.

Sorpresaz eta emozioz beteriko amaiera prestatzen ari da 'Goenkale', 21 urteko ibilbide arrakastatsu eta oparoa biribiltzeko. Ordura arte, hamaika istorio eta korapilo izango dira Arralden.

Denboraldi honetan, Etxegarai familia sartu da 'Goenkale'ko zaleen bizitzan. Arralden farmazia dute eta klan moduko bat osatzen dute. Ezinezko maitasun, infidelitate eta traizio kontuak iritsi dira eurekin. Baina Arralden baditugu lehendik ezagunak ditugun beste familia eta pertsonaia batzuk: Madariaga, Urkijo, Miranda eta Manterola sendiak, hain zuzen ere. Horien guztien istorioak ehuntzen dute denboraldi honetan 'Goenkale'ko sarea.

21 urte pantailan

Euskal Telebistak eta Pausokak ekoitzitako telesailak 1994ko urriaren 3an ekin zion bideari. Erronka handia izan zen proiektua martxan jartzea, eguneroko fikziozko telesaila egitea, hain zuzen ere, garai hartan Espainiako Estatuan ez baitzegoen horrelakorik. Drama, komedia eta intriga nahasketa dira kontakizunaren bereizgarri. Familia guztiarentzako telesaila eta hurbila izatea izan dira arrakastaren beste gakoak, erabilitako eta landutako euskaraz gainera. Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da 'Goenkale' telesaila. Urte hauetan guztietan 700dik gora aktorek hartu du parte bertan.