Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Emanaldi berezia

'Txoriene' saioaren 100. atala, gaur

A.A.

EiTB

Igor Zalakain Arzak jatetxeko sukaldaria hartuko du gonbidatu Pili Manterolak emanaldi berezi honetan.

0:09

Pili Manterolak gidatzen duen 'Txoriene' saioa 100. atalera iritsiko da agaur. Egun horretan gonbidatu berezia izango du Pilik: Igor Zalakain Arzak jatetxeko sukaldari eta aspaldiko laguna. Izan ere, duela hiru urtetik, Pilik eta Igorrek Sukaldari Dema izaten dute Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan astero. Elkar ondo ezagutzen dute biek, eta sukalde kontuetan primeran moldatzen dira elkarrekin.

'Txoriene'ren 100. saiorako Igorrek prestatuko dituen bi platerak Arzak jatetxeko kartan egondakoak dira, Igorrek eta bere lantaldeak Arzakeko laborategian landutakoak: 'Foie eta tipula cromlecha' eta 'Otarrainxka espresak'. "Arzakenean goi mailako sukaldaritza egiten duten arren, bi plater hauek etxean prestatzeko modukoak dira", dio Alberto Arizkorreta 'Txoriene'ko zuzendariak.

Programaren amaieran, Pilik eta Igorrek Manu Etxezorturen bisita hartuko dute 'Txoriene'n. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioko gidariak eurekin duen harremanaz hitz egingo du, eta hiru urteotan Sukaldari Dema-n bizitako hainbat pasadizo kontatuko ditu.

Getariko Iribar jatetxeko sukaldariak hartu zuen 'Txoriene' saioaren gidaritza irailean. Pili Manterolaren eskutik, Euskal Herrian barna hain ezagunak ez diren sukaldarien lana ezagutzeko aukera izan dugu.

Herrialde guztietako ordezkaritza izateko ahalegina egin dute: "Guretzat erronka polita izan da Iparraldeko bi sukaldari gurera etortzea", azaldu du Alberto Arizkorretak. Larresoroko Aldaburua jatetxeko Antxon Amilibiak eta Ainhoako La Maison Oppoca jatetxeko Txomin Massondek beste sukaldaritza estilo bat erakutsi dute. "Horixe da hain zuzen gure saioaren ezaugarria, sukaldean aritzeko modu ezberdinak erakustea. Eta Iparraldekoen kasuan, euren artean ere ezberdintasunak zeudela ikusi dugu", gaineratu du Arizkorretak.

Guardiako La Huerta Viejan diharduen Imanol Rementeria bergararra izan dugu oraingoz Arabako sukaldaritzaren erakusle bakarra. Nafarroatik, berriz, Iruñeko Bar Gallegoko Roberto Echeveste, Leitzako Iruso etxeko Fran Hernandorena eta Elbeteko ostatuko Belen Urrutia etorri dira.

"Tradizionalki sukaldean emakumeak aritu izan dira lanean, atzealdean. Horien lana telebistara ekarri nahi dugu, eta ahalegin berezia egingo dugu horretarako", dio 'Txoriene'ko zuzendariak. Elbeteko Belen Urrutiaz gain, beste bi emakume ikusi ditugu orain arte ETB1eko saioan: Jose Ramon Ormaetxea Morgako Katxi jatetxeko sukalde buruari laguntzera etorritako Maria Jose Olea, eta Lekeitioko Arropain jatetxeko Javier Zapirain sukaldariaren emaztea, Sonam Dolma Tamang. Tibetarra da bera, eta hango bi plater prestatu zituen: 'Tarkarya eta tikmoa', eta 'Txili-momoak'.

Bizkaitik etorri dira baita ere Jon Estankona (Korostondo, Otxandio), Beñat Ormaetxea (Jauregibarria, Zornotza), Josu Ibarra (Zuria, Bilbo) eta Luis Carlos Sanz (Mugarra, Bilbo). Ezin ahaztu, Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleekin egindako bost saioak. "Euskal Herriko eskola garrantzitsuenetakoa da, eta bertako lana erakutsi nahi izan genuen. Oso ondo aritu ziren", azaldu du Arizkorretak. 'Txoriene'ra etorritako zenbait sukaldari han ikasitakoak dira gainera.

Zortzi izan dira orain arte ikusi ditugun gipuzkoarrak: Xabier Osa (Urgain, Deba), Urki Balerdi (Zeraingo ostatua), Eneko Azurmendi (Lazkao-Etxe, Zaldibia), Xabier Zapirain (Gurutze Berri, Oiartzun), Joseba Bergara (Chalcha, Eibar), David Rodriguez (Danako, Irun), Bixente Egiguren (Etxeberri, Zumarraga) eta Ignacio Muguruza (Atalaia, Irun).

Sukaldari guztiek euren hornitzaileekin duten hartu-eman zuzena eta gertukoa nabarmendu nahi izan du Alberto Arizkorretak. Programa guztietan jorratu duten gaia izan da, produktuak zuzenean erakutsiz, eta zenbait kasutan, hornitzaileak grabazioetara gonbidatuz.

Arizkorretaren esanetan, azpimarragarria da baita ere sukaldariek 'Txoriene'ra etortzeko egindako ahalegina. "Kamera aurrean aritzea berria da eurentzat, eta urduritasuna nabari zaie hasieran. Baina, azkenerako, oso ondo moldatu dira Pilirekin, lasai, kontu-kontari". Sukaldean diharduten bitartean Pilik bakoitzaren historia ezagutzeko aukera izan du: familia eta lagun arteko kontuak, jatetxearen historia, amona edo amarengandik ikasitako errezetaren nondik norakoak...

Zentzu honetan, istorio politak ezagutzeko aukera izan dutela dio, belaunaldiz belaunaldi pasa ondoren, eguneratuak izan diren platerak adibidez. Eta gauza berriak ikasi ere bai, sukaldarientzat oinarrizkoak direnak, baina ikus-entzuleek ezagutzen ez dituztenak.. "Osagai sinpleekin gauza harrigarriak egin daitezkeela ikusi dugu", gaineratu du Arizkorretak.

ETB1eko 'Txoriene' saioaren erronka beste 100 saio egitea da, eta datozen hilabeteetarako zerrenda osatzen ari dira. Mundu mailan euskal sukaldaritza goren mailan kokatuta dagoela badakigu, eta horren erakusle asko ditugu. Baina gure lurralde zabalean, jatetxe, ostatu eta taberna txiki andana ditugu, euren zonaldean soilik ezagunak direnak, eta horiei zabalkundea ematen jarraitu nahi dute.