Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Erreportajeak

Erantzukizun handiko lanei buruz, gaur, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

22:15etik aurrera, medikuak, suhiltzaileak eta hegazkin pilotuak izango dituzte, besteak beste, protagonista.

0:24

'Ur Handitan' saioaren gaurko atala erantzukizun handiko lanei buruzkoa izango da. Akatsak egitea garesti ordaintzen duten langileak izango dira saioko protagonista: medikuak, suhiltzaileak, hegazkin pilotuak... Azken batean,  besteen bizitza haien eskuetan dagoela egunero sentitzen duten profesionalak.

Esate baterako, Miren Telleria mediku kardiologoak bere lanbidean bizi duen presioa nola kudeatzen duen azalduko du, eta baita egoera horrek bere bizitza nola baldintzatzen duen ere. Telleriak saioan onartuko duenez, "kardiologoen akatsek ondorio larriak dituzte, eta ebakuntzak egitea erantzukizun handia da. Ez da akatsik onartzen".

Karmelo Alonso suhiltzaile donostiarra ere heriotza gertutik ezagututakoa da: "Suteak, istripuak, atentatuak... Egoera gogor asko bizitakoa naiz, eta zaila da horiek ahaztea. Memorian betirako gelditzen dira. Beti duzu sentsazioa zerbait gehiago egiteko aukera izan duzula".

Haritz Barrenetxea 23 urteko hegazkin pilotuak erantzukizun handiko lanbide bat aukeratu du. Hegaldi komertzialetan hainbat bidaiari daramatza egunero batetik bestera, lurretik milaka metrotara. Presio horri aurre egiteko, ordea, ez du orain arte arazorik izan.

Daniel Martinez eta Garbiñe Gomez abokatuek ere badakite zer den presioa. "Medikuek pertsonen bizitza dute haien eskuetan, baina zer da bizitza askatasunik gabe? Gure eskuetan bezeroen askatasuna dago askotan , eta hori sekulako erantzukizuna da. Bezero bat kartzelara joatea drama handia da guretzat", onartu dute saioan.

Azkenik, Aitor Bilbao erreskate taldeko ertzainak erreskatetan detaile guztiek duten garrantzia azalduko du saioan. Edozein detailetan kale egiteak pertsona baten bizitza arriskuan jar dezakeelako.

Adierazpen eta bizi esperientzia horiek guztiak, gaur gauean, 22:15etik aurrera eitb.eus-en eta ETB1en.