Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Gaur, 22:30ean

Heriotzen ondoren hainbat lagunek nola jokatu duten, 'Ur Handitan' saioan

A.E. | EiTB

Hurbileko norbaiten heriotzaren dolua nola bizi duten erakutsiko dute Bi aldeak atalean.

0:25

Heriotza baten ostean pertsona oro omen da ezberdina, gehienetan hobea. Horixe dio Iñaki Peña medikuak. Hala ere, heriotza guztiak ez dira berdinak, eta badira, horien artean, onartzeko zailagoak direnak. Gaurko 'Ur Handitan' saioak gai horren inguruko hainbat lekuko jaso ditu.

Nestor Sangronizen familia bost kidek osatzen dute. Horietako bi, baina, hilda daude: Kepa eta Arene. Gaixotasun bera zuten biek, eta bost urte zituztela hil ziren. Etxean gaixotasunak sortutako mina, heriotzen hutsunea eta hirugarren semeak sortutako ilusioa kontatu digu Nestorrek, baita haren arreba Leire Sangronizek ere.

Bestalde, Silvia Gil eta Joxe Mari Paredes gurasoen historia ezagutu dugu. Jare alabaren etorrera ilusio eta zirrara handiz bizi izan zuten, baina egun batean umea tripa barruan ez zitzaiola mugitzen nabaritu zuen Silviak. Nola kontatu espero zenuen alaba ez dela zuekin egongo? Jarerentzat prestatuta zegoen gela jaso zuten denbora igaro ostean, baina oraindik umearen beharra duela dio Silviak. Ahotsa urratzen zaie hainbatetan, baina orain pertsona hobeak direla uste dute.

Aita batek inoiz jaso dezakeen albisterik tristeena eman zioten duela lau urte Bittor Asteinzari: "Ibontxuk leuzemia dauka". Hainbat tratamenduren ostean, Ibon familiaz inguratuta hil zen etxean, sei urte zituela. Iraiak bere neba bakarra galdu zuen. Baina hasierako tristura eta atsekabe horri aurre egiteko asmoz, dolua irribarre handiz bizitzen saiatzen ari dira. Eta baita lortu ere!

Agustinen semeak bere buruaz beste egin zuen 17 urte zituela. Josebak ez zeukan alerta egoerarik sor zezakeen inongo osasun arazorik. Ezustekoa izugarria izan zen familiarentzat. Gaur egun, oraindik ere, heriotza horren zergatiaren bila dabiltza etxean. Era berean, gizartea prebentzio lanaren garrantziaz ohartarazi nahi dute, bere semeari gertatu zitzaiona beste inori gerta ez dakion.

Leire 34 urterekin alargundu zen, hiru seme-alaba txiki zituela. Dolua gainditzeko ia astirik gabe, bere bizitzarekin aurrera jarraitu behar izan zuen bere seme-alabek aitaren galera hori gehiegi sumatu ez zezaten. Bost urte geroago, Zigor egunero du gogoan, baina Leire konturatu da gizakiek gaitasun handia dugula egoera berrietara moldatu eta aurrera egiteko, berak familiarekin egin duen bezala.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.