Ekonomia
Defizitaren aurkako plana
Funtzionarioen soldata %5 murriztuko du Gobernuak ekainetik aurrera
Erredakzioa
Beste neurri batzuk:- Funtzionarioen soldata eta pentsioak izoztea 2011n- Jaioberri bakoitzeko 2.500 euroko laguntza kentzea- Sendagai batzuk merkatzea eta dosiak egokitzea
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak defizita murrizteko plana azaldu du Diputatuen Kongresuan.
Gobernuburuak hamar neurri iragarri ditu, hala nola ekainetik aurrera funtzionarioen soldata % 5 murriztea eta 2011n guztiz izoztea; 2011n jaioberri bakoitzeko 2.500 euroko laguntza kentzea eta Gobernuko kideen soldatak % 15 murriztea.
Halaber, hurrengo urtean pentsioak ere izoztuko dituztela eta erretiro partziala hartzeko erregimen iragankorra kenduko dutela aurreratu du.
Neurri guztiak ostiralean onartuko ditu Ministroen Kontseiluak, eta berehala sartuko dira indarrean. 2011ko Aurrekontu Orokorren gastu-muga eta 2011-2013 Herstura Plana ere berrikusiko dituzte, gaur iragarritako neurriak eransteko.
Zapateroren esanetan, neurriok "ezinbestekoak" dira, eta "bidezkoak" izaten saiatu direla gaineratu du. Ondoren, herritarrei eta erakundeei "esfortzu nazionala" egiteko deia egin die.
Zehaztu duenez, joan den asteburuan Bruselan iragarritako konpromisoak betetzea da helburua, hau da, aurten beste % 0,5 murriztea defizita, eta %1 hurrengo urtean (5.000 eta 10.000 milioi euro, hurrenez hurren).
"Ahalegin berezi hau une honetan bertan egin beharra dago, ekonomia suspertzen hasi den zantzuak baitaude", nabarmendu du.
Espainiako gobernuburuak aitortu du ez dela "erraza" tankera honetako neurriak hartzea, "baina ziur gaude beharrezkoak direla".
Ez du baztertu soldata handienei zergak igotzea
Taldeei erantzuteko txandan, Zapaterok ez du baztertu soldata handienak dituztenei zergak igotzea eta parlamentarioei soldatak murriztea.
Nolanahi ere, zerga politika beste egun batean hartuko dutela hizpide esan du, "lasaiago hitz egiteko", orain gastuaren murrizketa aztertzen ari baitira, ez diru-sarrerak nola handitu.
Gobernuburuak aitortu du "erabaki asko" daudela hartzeke gai honetan, eta talde batzuekin "zailagoa" izango dela negoziatzea.
Funtzionarioen soldatak
Zapaterok gaur iragarritako lehen neurria funtzionarioen soldata ekainetik aurrera % 5 murriztea eta hurrengo urtean guztiz izoztea izan da.
Hori horrela, Exekutiboak hautsi egin du irailean sindikatuekin lortutako akordioa, langile publikoen soldatak aurten % 0,3 igotzea adostu baitzuten.
Otsailaren 24an, Carlos Ocaña Ogasuneko Estatu idazkariak aurreratu zuen akordio hori aldatzea aztertzen ari zirela, baina hurrengo egunean Elena Salgado Ekonomia ministroak ukatu egin zuen, eta "% 100ean" errespetatuko zutela ziurtatu zuen.
Gobernuaren iturriek azaldu dutenez, soldata murrizketa erkidegoetako eta Udaletako funtzionarioei ere ezarriko diete, Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua aldatu beharra baitago.
Dena dela, oraindik "goiz" da neurriak Euskadin zer nolako eragina izango duen jakiteko, Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ohartarazi duenez.
Lehen aldia izango da azken 20 urteetan Gobernu batek sektore honetako soldatak murriztuko dituela Espainian. Hori bai, orain arte bi aldiz izoztu dizkiete: 1994an, Felipe Gonzalez presidente zela, eta 1997an, Jose Maria Aznarren lehen agintaldian.
''Umetxo-txekea'', bertan behera
Zapaterok iragarritako hurrengo neurria 2011ko urtarrilaren 1etik jaioberri bakoitzeko 2.500 euroko laguntza kentzea izan da.
''Umetxo-txekea'' haren politika sozialaren neurri izarretako bat izan zen, eta 2007ko uztailean iragarri zuen presidenteak Kongresuan, Estatuaren egoerari buruzko Eztabaidan.
Pentsioak
Bestalde, 2011n pentsioak ere izoztuko dituzte, kontribuziokoak eta minimoak izan ezik.
Halaber, erretiro partziala hartzeko erregimen iragankorra ere kenduko dute. Horrenbestez, 61 urte baino zaharragoak diren, Gizarte Segurantzan gutxienez 30 urtez kotizatu duten eta enpresan gutxienez sei urte eman dituzten pertsonek baino ezin izango dute erretiro mota hori hartu, eta lan-eguna % 75 baino ezin izango da murriztu.
Sendagai batzuk merkatu egingo dituzte
Tratamendu bakoitzerako behar diren sendagai kopurua egokituko dute, eta prezioen erreferentzia zerrendan ez dauden botikak % 10-15 merkatuko dituzte.
Sendagaien kontsumoa eraginkorragoa izatea da helburuetako bat.
Exekutiboaren arabera, aurrerantzean herritarrek tratamendua egiteko sendagai kopuru zehatza erosi ahal izango dute.
Zapateroren hitzaldia amaitu eta gero, oposizioak gogor hitz egin du, eta IUk "erantzun sozial handia" egiteko deia egin du.
Candido Mendez UGTko idazkari nagusia bide beretik ibili da, eta "seguru aski" hurrengo asteetan mobilizazioak izango direla aurreratu du.
Bilera Moncloan
Horrela gauzak, Gobernuko presidenteak sindikatuak hartuko ditu Moncloan, hartutako neurriak azaltzeko. Bilera 13:30ean izango da eta CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak bertan izango dira, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez, hurrenez hurren.

