Gizartea -
Debekua
Belo integralaren aurkako legea onartu du Frantziako Parlamentuak
Gehiengo kontserbadoreko diputatuen babesarekin atera da aurrera testua. Bitartean, sozialisten, komunisten eta Berdeen gehiengoak bozketa boikotatzea erabaki du.
Erredakzioa
Lehen irakurketa batean belo integralaren erabilera debekatzen duen lege-proiektua onartu du gaur Frantziako Asanblada Nazionalak. Ekimenak 335 diputaturen babesa jaso du eta kontrako boto bakarra. Horrela, espazio publikoetan burka edo niqab-a erabiltzea debekatuko dute.
Testua gehiengo kontserbadoreko diputatuen babesarekin atera da aurrera. Horrela, UMPk, NCk eta ezkerreko 20 bat ordezkarik aldeko botoa eman dute. Bitartean, sozialisten, komunisten eta Berdeen gehiengoak bozketa boikotatzea erabaki du.
Jean Glavany diputatu sozialistak azaldu duenez, sozialistak ez dira abstenitu, bozketan ez parte hartzea erabaki dute.
Esan duenez, praktika integristak eta Errepublikaren balioak bateraezinak dira eta helburua horiek ekiditea edo debekatzea da, baina testuak planteatzen duen "arrisku juridikoarekin" ez daude ados.
Kontseilu Konstituzionala
Hala ere, UMPk Kontseilu Konstituzionalari iritzia eskatzea txalotu du Glavanyk.
Frantziako Konstituzioaren erakunde bermatzaile gorena da eta bederatzi kidek osatzen dute, besteak beste, Jacques Chirac eta Valery Giscard d''Estaing presidente ohiek. Kontseiluaren erabakiak lotesleak dira.
Lehen tramite hau gaindituta, lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute irailean.
Behin betiko onartzekotan, legeak belo integralaren erabilera debekatuko luke toki publikoetan, kaleak barne, eta Belgikaren ostean Frantzia janzkera horren kontrako neurriak hartzen bigarren herrialdea izango litzateke.