Elkartasun maratoiak 2000 – 2020 | EITB maratoia

EITBren elkartasun maratoiak
EITB Maratoiak 26 urte daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak landu eta hauen ikerkuntza bultzatuz.
Urteotan, euskal gizarte osoari zabaldutako proiektua bilakatu da, eta eraldaketa soziala eta herritar guztien parte-hartze zuzena bilatzen ditu, funtsezko bi ildoren bidez: batetik, informazio eta sentsibilizazio kanpainak eginez; bestetik, ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoaz.
2024ko ediziora arte, 9,79 milioi euro bideratu ahal izan dira 127 ikerketa-proiektu bultzatzeko, hainbat alorretan: minbizia (besteak beste, haurrena, birikena, bularrena…), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, Alzheimerra, autismoa, adimen ezgaitasuna, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak, besteak beste.
2024. URTEA: GAIXOTASUN KARDIOBASKULARRAK – 907.000 EURO
2024a urte berezia izan zen EITB Maratoiarentzat, 25 urte bete baitzituen gaixotasunen aurkako borrokan laguntzen eta herritarren elkartasuna sustatzen. Entzun bihotzari lelopean, prebentzioan jarri zuen arreta: Gelditzea; nork bere buruari begiratzea; eta entzutea… Gure bihotzari entzutea. Maratoiak bezala 25 urte betetzen zituen Hemendik At taldearen "Eskutitza" abestiak jarri zion soinu-banda kanpainari, eta Martin Urrutia eta Leire Martinez abeslari ezagunek bideoklip solidarioa grabatu zuten elkarteekin batera, lankidetza artistiko berezi batean.
Urteurren borobila behar bezala ospatzeko, abenduaren 12an, elkartasun egun handian, etenik gabeko 16 orduko musika maratoi erraldoia antolatu zuen EITBk. 40 emanaldi baino gehiago egin ziren Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon, artista ezagun askorekin: Kai Nakai, Urtz, Sara Zozaya, Janus Lester, Xabi Solano, Golden Apple Quartet, Twin Melody, Aurora Beltran, Puro Relajo, La Pamplonesa, Maren…
2023. URTEA: MINBIZIA – 1.233.790 euro
EITBren hogeita laugarren maratoi solidarioak errekor historikoa hautsi zuen diru-bilketan, parte-hartzean eta elkartasunean: 1.233.790 euro lortu zituen minbiziaren ikerketarako (2024ko irailean eguneratutako datua). ETSren "Aukera berriak" kanta oinarri hartuta, Minbiziaren aurka aukera berriak lelopean egindako kanpaina ordura arteko masiboena izan zen, eta hainbat irudi ikusgarri utzi zizkigun ekitaldi jendetsuetan. Asko eta asko izan ziren jasotako bideoak ere, horietako hainbat elkartasun eguna igarota ere. Ekarpenen artean, bereziak, zalantzarik gabe, minbiziaren aurkako Euskadiko elkarteenak, kanpaina osoan buru-belarri murgildu baitziren. Azpimarragarria, berebat, Xabier Salillas atletak egindako etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa, maratoiaren egun handian, abenduaren 14an.
2022. URTEA: ESKLEROSI ANIZKOITZA – 994.739 EURO
2022ko EITB Maratoian lortutako diru-bilketari esker, 994.739 euro, esklerosi anizkoitzaren inguruko zortzi ikerketa-proiektu finantzatu ahal izan dira prebentziorako, esklerosi anizkoitza ahalik eta arinen antzemateko, diagnostikoa hobetzeko eta tratamendu berriak garatzeko. Proiektuetatik hiruk mielina dute ardatz, eta laugarrenean mikroglia aztertzeko modu berritzailea erabiliko dute. Bosgarren proiektuaren ardatza zelula dendritikoen zeregina da, eta beste batek, berriz, nekearen arazoari heltzen dio. Gainera, pazienteen azterketa kliniko baten bidez, erreserba kognitiboaren zeregina ikertzen ari da; eta, azkenik, EA duten euskal biztanleen ezaugarrien ezagutza eguneratzea eta biztanle horien ezaugarri soziodemografikoen ezagutza hobetzea da zortzigarren proiektuaren helburua.
Geldiezinak gara lelopean eta Gatiburen "Euritan dantzan" abestiaren doinuekin, #BustitzenNaiz komunikazio kanpaina egin zuen EITBk, eta askotariko bideoak jaso zituen: partikularrenak, familienak, enpresenak, langileenak, elkarteenak, erakundeenak…
2021. URTEA: ALZHEIMERRA – 1.104.477,46 EURO
Alzheimer gaitza izan zen 2021eko EITB Maratoiaren kausa, eta deialdira bideratutako zenbatekoa 1.104.477,46 eurokoa izan zen. Bultzada horri esker, zortzi ikerketa-lan finantzatu dira, alzheimerraren hainbat alderdi jorratzen dituztenak: hala nola gaixotasunaren biomarkatzaile berriak identifikatzea, tratamendu berriak bilatzea edo horien jatorria ikertzea, adibidez. Down sindromean alzheimerra ikertzeko ekimen bat ere badago eta baita funtzio bisuala aztertzen duen lan bat ere, gaixotasunak fase goiztiarretan aurrera egingo duela iragartzeko. Halaber, Tau proteinaren hedapenaren kontrol inhibitzailea frogatzeko ikerketa-proiektu bat dago, eta gaixotasunaren eragin sozial, kliniko eta ekonomikoa eragina izan dezaketen diagnostiko zehatzak garatzera bideratutako azterlanei ere ekin zitzaien.
Euskal gizarteak elkartasuna adierazi zuen beste behin ere eta bat egin zuen hogeita bigarren maratoi solidarioaren kanpainarekin. Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean, oroitzapenei lotutako komunikazio kanpaina bat egin zen. ZETAK taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiaren soinu bandak lagunduta, EITB Maratoiaren webgunean 850 ekarpen baino gehiago partekatu ziren, oroitzapenak zein bertsioak.
2020. URTEA: COVID-19 – 808.987 EURO
Pandemia hasi zen urtean, 2020an, COVID-19a izan zen EITB Maratoiaren jomuga, eta 808.987 euro batu zituen. Herritarren laguntza horri esker, ekimen solidarioak 11 ikerketa-proiektu finantzatu zituen, hainbat ikerketa-lerrotan oinarritutakoak: diagnostikoa, tratamendua, prebentzioa, gaixotasunaren iraunkortasuna, epidemiologia, birusaren biologiaren eta portaeraren azterketa, gaixotasunaren adierazpen klinikoa eta immunitatea.
Urte horretan, EITB Maratoiak bertsoak konposatu eta kantatzera animatu zuen gizartea; lehenengo estrofa sei bertsolarik konposatu zuten, eta horri beste 1600 bertso batu zitzaizkion. Bestalde, ohi legez, ehunka lagunek "Ez negar egin, gu elkarrekin" kantuaren bertsioa konpartitu zuten EITB Maratoiarekin bat egiteko.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
