EiTB MARATOIA
''Elektrizitatea''
EITB Maratoiari ekarpena egitea are errazagoa da: BIZUMari Eroskiren zentimo solidarioa ere batu zaio
EITB
Martxan dugu dohaintzak egiteko BIZUMa (33478) eta jada ekarpenak egin daitezke Eroski saltokietako kutxetan. Gainera, EITB Maratoiaren grabazio set-a Artea merkataritza-gunean egongo da ostiral honetan, herritarrek aukera izan dezaten ikerketaren aldeko olatu kolektiboarekin bat egiteko.
-
EITB MARATOIA 2026
Urria bukatzearekin batera, badoa forma hartzen aurtengo erronka solidarioa, eta EITB Maratoia kalera ateratzen hasiko da, grabazio set-arekin. Lehen hitzordua ostiral honetan izango da, urriak 30, Eroski Artea merkataritza-gunean, 18:00etatik 20:00etara. Izan ere, beste behin, Eroskik bat egin du EITB Maratoiarekin eta, ostegun honetatik aurrera, bere zentimo solidarioa bularreko minbizia eta ginekologikoaren ikerketara ari da bideratzen.
Ekarpenarekin laguntzeaz gain, grabazio gunera hurbiltzen diren herritarrek aukera izango dute ikerketaren aldeko mugimendu kolektibora batzeko. Nola? Elkarri eskua eman eta besoak olatu itxuran mugituta, elektrizitateak bezala, eskuz esku aurrera egingo duen olatu erraldoi bat sortzeko: guztion artean bularreko minbiziaren eta ginekologikoaren ikerketa bultzatuko duen olatu kolektibo handi bat eraikitzeko. Beraz, besoen mugimendu sinple baten bidez, herritarrek elkartasuna, konpromisoa eta lankidetza irudikatuko dituzte. Ekipo batek irudiak grabatuko ditu, ondoren EITB Maratoiaren webgunean argitaratzeko.
Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera leloarekin, bularreko minbiziari eta ginekologikoari eskainita dago aurtengo EITB Maratoiaren kanpaina. Hain zuzen ere, gaixotasun horien prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egiten jarraitzeko ikerketan jarri nahi du arreta ekimenak.
Horretarako Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia da soinu-banda, eta elementu bereizgarri nagusia eskuz esku sortuko den olatu kolektibo bat. Izan ere, ikerketa dugu aurrerapena eta berrikuntza bultzatzen duen energia, eta, horri lotuta, aurtengo leloak mezu argi eta zuzena helarazi nahi du: ikerketa guztion kontua dela. Horregatik, kanpainak korronte baten irudia erabiltzen du, pertsonak helburu komun baten inguruan lotzen dituen energia kolektiboa irudikatzeko.
Abenduaren 17a izango da aurtengo EITB Maratoiaren egun handia; baina, jada, zabalik dago dirua emateko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478)
Konekta zaitez ikerkuntzaren korrontera


