Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Bilbo

Besarkada Solidarioa Guggenheim Bilbao Museoari, haur minbiziaren kontra

EiTB

Elkarri eskua eman eta gure eraikin esanguratsuenetako bat besarkatzeko gonbidapena egiten digu Bizkaiko Foru Aldundiak, EiTB Maratoiarekin bat egiteko. Gaur, azaroaren 24an da hitzordua.

1:18
EiTB Maratoia

EiTB Maratoiarekin bat egin eta Bizkaiko Foru Aldundiak deialdia egiten die herritar guztiei Bilbon egingo den Besarkada Solidarioan parte hartzeko, haur minbiziaren kontra. Erronka honako hau da: Denon artean Guggenheim Bilbao Museoa besarkatzea, elkarri eskua emanda. Elkartasunez betetako 300 metro izango dira eta, elkartasun hori adierazteaz gain, haur minbizia ikertzeko dirua biltzea ere izango da asmoa.

Hitzordua gaur da, azaroaren 24an da, 12:00etan, museoaren zelaigunean, eta ekitaldian Sergio Murillo Gizarte Ekintzetako foru diputatua izango da. Musika eta animazioa egongo dira, Oihan Vegarekin, eta kamisetak eta liburuak oparituko dira. Halaber, buff solidarioak ere banatuko dira, besarkadan parte hartzen duten herritarrek ekitaldian jantzi ditzaten (buruan, lepoan edo eskuen arteko lortura elementu gisa). Besarkada Solidarioa grabatu egingo da, eta irudiok EiTBko hedabide eta euskarri ezberdinetan zabalduko dira.

Produktu solidarioen salmenta eta dohaintzak

Guggenheim Museoaren zelaigune horretan EiTB Maratoiaren stand berezia jarriko da, eta bertan produktu solidarioak erosi ahalko dira: kotoizko Tote Bag poltsa (10 euro) eta buff solidarioa (8 euro).

Kirolariek erabili ohi dituzten buffak ezinbesteko bihurtzen dira kimioterapia tratamenduan dauden haurrentzat, burua estaltzeko. Hala, EiTB Maratoiak gonbidapena egin die herritarrei buff solidarioa eskuratu eta ekimenean laguntzeko, buffarekin argazkia atera eta #EiTBMaratoia traolarekin partekatuz.

Halaber, stand horretan dohaintzak egiteko gunea ere jarriko da.

Lasaitasun eta garantia osoarekin erosteko, EiTB Maratoiarekin lotura duten salmenta eta dohaintza guztiak txartel bidez egingo dira eta diru-ekarpen guztiak zuzenean jasoko dira egitasmo honi lotutako kontu batean. 

Zure bertsiorik onena

Orain arte abenduan egiten zen maratoiaren sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko du eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz.

Horri lotuta, EiTB Maratoiak egitasmo handi baten parte izateko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari, haurren minbiziaren kontra borrokatzeko: inoiz egin den 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena sortzea. Parte-hartzaile anonimoen eta ezagunen grabazioekin bideoklipak egingo dira, aurtengo EiTB Maratoiari bukaera emateko. Guggenheim Bilbao Museoko Besarkada Solidarioan ere herritarrei gonbidapena egingo zaie 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena elkarrekin sortzeko.

__________________________________________

Datuak babesteari buruzko araudia betetzeko helburuz, EiTBk, telebista- eta irrati-zerbitzu publikoa kudeatzeko eginkizunarekin bat, 'Besarkada Solidarioa' ekitaldian parte hartzen dutenei jakinarazten die ekitaldia ikus-entzunezko gailuekin grabatu egingo dela, batetik, ekitaldiari buruzko laburpena bat ekoizteko eta, bestetik, ekitaldiari buruz informatzeko EiTBren hedabideetan edo ekitaldia promozionatzeko. Horren ondorioz, ekitaldian parte hartzen duten pertsonen irudia eta ahotsa EiTBren hedabideetan (telebistan, irratian zein Interneten) zabal eta publikoki komunika daitezke.

EITBri datuon tratamendurako zilegitasuna ematen dion oinarria 2016/679 Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.e art. da.

Edozein momentutan, interesatuak eskubidea du dbo-dpd@eitb.eus-ren aurrean, EiTBk berari buruz batutako datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko, edo datuak transferitzeko. Adingabea bada, beraren ordezkari legalaren bitartez.