Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Aurkezpena

EITB Maratoiak Alzheimer gaitzaren ikerketa bultzatuko du aurten, bere gizarte konpromisoa sendotuz

EITB Media

'Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean', aurtengo EITB Maratoiak alzheimerra izango du ardatz, Euskadin 40.000 pertsona eta familia baino gehiagori eragiten dien gaixotasuna.

  • Andoni Aldekoa, Gotzone Sagardui eta Marian Ibarrondo EITB Maratoiaren aurkezpenean.

    Andoni Aldekoa, Gotzone Sagardui eta Marian Ibarrondo EITB Maratoiaren aurkezpenean.

Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean, aurtengo EITB Maratoiak alzheimerra hartuko du ardatz. Astelehen honetan, urriaren 18an, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak aurkeztu dute aurtengo elkartasun ekimen handia EITBren Bilboko egoitzan. Ekitaldian, Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak ere parte hartu du.

Euskal gizarte osoari zabaldutako proiektu bezala, hiritarren partaidetza zuzena bilatzen du EITB Maratoiak oinarrizko bi ildo nagusi hauen bitartez: batetik, gaixotasunaren ikerkuntzarako bideratuko diren dohaintzak jasoz; bestetik, abenduaren 16an amaituko den informazio eta sentsibilizazio kanpaina burutuz.

Andoni Aldekoak nabarmendu du, EITB Maratoiaren bitartez, EITBk gizartearen formakuntzan eta transformazioan parte hartze aktiboa duela, Euskadiko osasun eta ikerketa alorretako erakunde garrantzitsuenekin aliantzan. Alde batetik, Osakidetzak EITB Maratoiarekin bat egingo du kanpaina osoan zehar. Bestalde, BIOEF Osasun Sailaren ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko fundazioak elkartasun ekimenean bildutako dirua ikerketa proiektu ezberdinetara bideratuko du.

Izan ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak herritarren elkartasuna azpimarratu du beren ekarpenek benetako ikerketa-proiektuak martxan jartzeko balio dutelako. Zehazki, iazko EITB Maratoia kanpainari esker, covid-19aren inguruko 11 ikerketa-proiektu finantzatu dira guztira, eta dagoeneko 80 baino gehiago garatzen ari dira.

Aurtengo EITB Maratoiari dagokionez, sailburuak adierazi du neurozientzien arloa ikerketa-arlo nagusietako bat dela, eta alzheimerraren kasuan, Osasun Sailak gaixotasun hori ikertzeko hogei bat proiektutan parte hartzen duela, milioi erdi euro baino gehiagoko kanpo-finantzaketarekin.

EITBko zuzendari nagusiaren hitzetan, "konpromiso soziala da EITB ikus-entzunezko taldearen lehentasunetako bat, eta Euskadiren gizarte-transformazioan parte hartu nahi du, herritarren kezka nagusi diren gaietan inplikatuz."

Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da

Aurten, alzheimerra izango da EITB Maratoiaren ardatza, Euskadin 40.000 pertsona eta familia baino gehiagori eragiten dien gaixotasuna. Familia hauek bizi dutena eta gaitzaren aurrean egunero duten borroka emozionala erakutsiko du EITBk.

Andoni Aldekoak azaldu du alzheimerrak memoriari eragiten diola, baita emozioei ere. Oroitzapenak galdu egiten dira, bizitako momenturik berezienak desagertzen dira eta pertsona gertukoenak ere ahaztu egiten dira. Horregatik, EITB Maratoiak gogoratuko digu alzheimerra gaixotasun mental bat baino gehiago dela, bihotzeko gaixotasuna da, hain zuzen ere.

Alzheimerraren aurrean, ez dezagun ahaztu

Emozio eta oroitzapen horiek gordetzeko asmoarekin, hiritarrek euren bizipenak modu errazean partekatzeko aukera eskainiko du EITB Maratoiak eitb.eus-en bitartez. Gure oroitzapen kuttunenak gordetzeko espazio digitala izango da, mota ezberdinetako audioak, irudiak, bideoak eta testuak biltzeko.

Oroitzapen guztiekin Zetak taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiaren bideoklipa osatzeko aukera emango du EITBk. Izan ere, Peio Reparazen taldeak EITB Maratoiarekin bat egin du aurten, ekimenaren parte izango diren oroitzapenei soinu banda jarriz.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, hiritarren partaidetzak zabalkunde handia izango du EITBko hedabide guztietan. Halaber, ikus-entzunezko taldeko aurpegi ezagunek euren oroitzapen kutunenak partekatuko dituzte euskal gizarte osoarekin.

EITB Maratoiaren egun handia abenduaren 16an izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana egongo da. Horrez gain, EITBko kanal guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) EITB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta alzheimerraren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko. 

20 urte baino gehiago euskal gizarte osoaren elkartasun proiektu bezala

EITB Maratoiak 20 urte baino gehiago daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak lantzen, eta herritar guztiak informazio- eta sentsibilizazio-kanpainetan parte hartzera deitzen.

Pandemia egoeran, joan den urteko EITB Maratoiak covid-19a izan zuen ardatz, eta herritarren erantzuna bikaina izan zen, beste behin. Euskal gizarte osoaren sentimendua bertso-kate baten bitartez adierazteko sortutako Zure bertsiorik onena ekimenak arrakasta handia izan zuen: 1.700 bertso bildu ziren eta abian jarritako Bertso Kateak, orotara, bere baitan, 600 bideo baino gehiago eta 1.000 bertso sarean lortu zituzten.