Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Minbizia

EITB Maratoiaren elkartasun egun handia gaur, minbizia ikertzeko dirua biltzeko helburuarekin

EITB MEDIA

Ohi bezala 150 aurpegi ezagunetik gora egongo dira bertan egunean zehar. Gainera, etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa ari dira egiten Bilbao Arenan, eta streaming bidez jarraitu daiteke. 1.000 lagun inguruk egingo dute bertan korrika, eta kilometro bakoitzeko 200 euroko ekarpena egingo da.

0:00

2023ko EITB Maratoiak egun handia bizi du gaur, Minbiziaren Aurka Aukera Berriak lelopean. Urtero bezala, egun berezia ari da izaten, eta bertan bilduko dena minbizia ikertzera bideratuko da. Asko dira ekarpenak egiteko moduak, eta denak daude jada martxan: Banku-transferentzia bidez (Caixabank ES04 2100 8686 8102 0004 5619, Laboral Kutxa ES56 3035 0450 15 4500005802 eta Kutxabank ES86 2095 0611 00 9120154296 kontuetan), EITB Maratoiaren webgunean online dohaintza eginda eta BIZUM bitartez (dohaintza solidarioa edo eman erlaitza: 33478

Ohi bezala, gainera, ekarpenak egiteko doako telefono zenbakia ere badago: 900840750. Ostegunean, EITB Maratoiaren egun handian, 09:00etan zabaldu dira lineak, eta gaua bukatu arte martxan egongo dira. Ondoren ere egongo da telefono bidez ekarpenak egiteko aukera: abenduaren 15an, 09:00etatik 22:00etara eta abenduaren 16an 11:00etatik 22:00etara.

Osteguneko jardunaldi solidario hau 09:00etan hasi da, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan jarri den dei-gunean.

Ohi bezala, egunean zehar kultura, kirola, telebista eta bestelako esparrutako 150 aurpegi ezagunetik gora batuko dira telefono deiak hartzera, tartean erakundeetako ordezkariak ere. EITBko hedabideak jarraipen zabala ari dira egiten.

Lasterketa solidarioa, streaming bidez

Egun berezia eta emozioz betea  da, eta edizio honek, gainera, kirol erronka handia du: etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa, Xabier Salillas atletaren eskutik. Erronka handi horrek diru-bilketan ere lagunduko du, noski, kilometro bakoitzeko 200 euroko ekarpena egingo baita.

Salillas 09:25 inguruan irten EITBren Bilboko egoitzatik, EITBko Kiroletako taldeko hainbat kiderekin batera. San Mames ingurutzat jo dute eta Maristas ikastetxeko 100 ikaslerekin elkartu dira bertan, korrika egiteko.

Ondoren, Miribillarantz jo dute. Bilbao Arenan, baina, ez da bakarrik egongo: talde, elkarte eta ikastetxeekin batera egingo du korrika, minbiziaren aurkako borrokan babesa erakutsi eta bere aletxoa jarri nahi duten boluntarioekin. 1.000 bat lagun inguruk eman dute izena egunean zehar korrika egiteko.

Balentria handi hori zuzenean jarraitu daiteke, streaming bidez, EITB Maratoiaren webgunean eta EITBren YouTube kanalean. Gainera, egunean zehar konexioak izango dira.


Miriilla

Lasterketa Miribillan

Gauean, ETB1ek eta ETB2k saio bereziak eskainiko dituzte EITB Maratoia 2023 jardunaldi solidarioa dela-eta. Horrela, ETB1en ''Gora Bihotzak'' saioa izango da ikusgai, Miren Nogalesek eta Julen Telleriak aurkeztuta. 22:15etik aurrera izango da, zuzenean. ETB2n ''Esto No Es Normal'' saio berezia izango da ikusgai, zuzenean eta gonbidatu bereziekin. Nerea Aliasek eta Txurruk aurkeztuta, koadrila, luxuzko lehiakideak eta sorpresa ugari izango dituzte.

Erronka

''Aukera Berriak'' erronka hau orain arteko masiboena ari da izaten, eta hainbat irudi ikusgarri utziko dizkigu ekitaldi jendetsuetan. Bereziki aipagarria ari da izaten kultura- eta kirol-ekitaldi handietako parte hartzea: ''Go!azen''en aurrestreinaldiak Euskaldunan eta Baluarten (milaka haur kantuan eta dantzan): gure taldeen futbol eta saskibaloi partidetan; lau t 'erdiko pilota finala, Winter Series… Euskalduna jauregiko auditoriuma ere gaztez beteta ikusi dugu, kongresu batean; eta, urtero bezala, ikastetxe asko eta asko animatu dira kantatzera eta dantzatzera. Gure hiriburuetako kaleetan eta hainbat merkataritza-gunetan jarritako set bereziek ere jendea bildu dute; eta, nola ez, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako hitzordu hunkigarri eta jendetsua, erabateko arrakastarekin.  Ekarpenen artean, bereziak zalantzarik gabe minbiziaren aurkako elkarteenak: kantuan, dantzan eta baita arraunean ere. EITB Maratoiak bideoak bidaltzen jarraitzera animatu nahi ditu herritarrak, bideo bakoitzeko 50 euroko ekarpena egingo baitzaio azken kopuruari.

ESKERRIK ASKO DENOI!

*  BIOEF fundazioaren bidez bideratzen da bildutako dirua ikerkuntza proiektuetara.