EITB TALDEA
Zinemaldia 2026
Euskal zinemak gaurik bereziena ospatu du Euskal Zinemaren Gala Handian
EITB Media
Miren Gaztañagak eta Ane Gabarainek aurkeztutako ekitaldian, Jose Ramon Soroizi Zinemira Saria emateaz gain, Ana Díez eta Alauda Ruiz de Azúa zuzendariak eta Aitziber Garmendia aktorea nabarmendu dituzte. EITB Egile Berriak Saria Alberto Gastesi gidoilari eta zuzendari donostiarrak jaso du.
-
Euskal Zinemaren Galako saridunak, oholtzan, aurkezleekin batera
Astearte honetan, irailak 22, ospatu da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Euskal Zinemaren Gala, Miren Gaztañagak eta Ane Gabarainek aurkeztuta, eta zuzenean izan dugu ikusgai ETB1en eta ETB ON plataforman.
Imanol Pradales lehendakaria izan da ekitaldian, eta aktore eta profesional zerrenda zabala bildu dira hitzordura (IKUSI ARGAZKI GALERIA), gure zinemak bizi duen momentu bikainaren isla. Hain zuzen ere, horregatik da talentua aitortzea eta balioestea inoiz baino garrantzitsuagoa. Euskal zinemaren industria balioan jartzeaz gain, atzean dagoen talentu guztia aitortzeko garrantzitsuak dira: gidoi eta zuzendaritza lana, ekoizpen eta banaketa taldearena, eta talde artistiko eta tekniko guztiena.
Aurten, EITBk Egile Berriak Saria eman dio Alberto Gastesi donostiarrari, jakin-minak, sormenezko kezkek eta ikus-entzunezko eremu berriak esploratzeko etengabeko nahiak markatutako ibilbide zinematografikoagatik. Izan ere, Alberto Gastesi saritzea bere ahotsa aurkitu duen ibilbide bat aitortzea da, baina baita oraindik deskubritzeke duen guztiarekiko jakin-mina bere horretan mantentzen duen sortzaile bat ere.
Gainera, beste bost sari eman dira. Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE Saria Alauda Ruiz de Azuak jaso du, 2025eko Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Los domingos film luzean egindako lanagatik. GIDOI elkarteak zinemagileak bere gidoian sakontasun psikologikoz betetako pertsonaiak nola garatzen dituen azpimarratu du, egunerokotasunetik jariatzen den eta eustearen eta esan gabekoaren zama maisuki maneiatzen duen istorio batean. Sari emaileen aburuz, "Los domingos gidoi idazketaren zehaztasun, heldutasun eta bikaintasunaren adibide ezin hobea da".
Era berean, Los domingos filmak aurtengo EZAE Saria jaso du, zinema-aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena nabarmentzen duen golardoa. Bere arrakasta saritzeaz gain, zinema aretoetan euskal zinemaren alde egindako apustua aitortu eta eskertu nahi da.
Lehen aldiz, Euskadiko Filmategiak bere sari historikoa eman du Euskal Zinemaren Gala Handian. Ana Diez zuzendari nafarrak jaso du garaikurra, euskal zinematekak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren babespean, Ander eta Yul (Ana Díez, 1989) zaharberritu ondoren. Euskal industrian emakume batek zuzendutako lehen film luzeak Zuzendari berri onenaren Goya Saria jaso zuen. Gure zinematografian funtsezkoak diren pertsonak nabarmentzen dituen Filmategiaren golardoa, aurretik, Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano zuzendariek jaso dute.
EAB Distira Saria Aitziber Garmendiarentzat izan da. Euskal Aktoreen Batasunak haren azken urteotako lanen bikaintasuna ez ezik, interpretazioarekiko zorroztasunez, talentuz eta konpromisoz eraikitako ibilbide sendoa ere nabarmendu ditu. "Egindako bideari balioa ematen dion aitortza da, eta, aldi berean, hazten jarraitzen duen aktore baten etorkizunari begiratzen dio", adierazi dute.
Azkenik, Zinemaldiak eta EPE IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Independenteen Elkartea) ematen duten Zinemira Saria Jose Ramon Soroizek jaso du. Lau hamarkadatik gorako ibilbide profesional bikaina eta euskal zinemaren garapenean zein sendotzean izan duen ezinbesteko ekarpena aitortuko zaio.
Janus Lesterrek zuzenean kantatu du, eta Los domingos filmeko abesbatzak ere emanaldia eskaini du, Dantzerti eskolako dantzariekin batera. Kultura arloko, gizarteko eta erakundeetako goi mailako ordezkariekin batera, nola ez, euskal zinema munduko aurpegi ezagun asko bildu ditu hitzorduak, besteak beste, Patricia López Arnaiz, Nagore Aranburu, Esti Urresola, Itziar Aizpuru, Zorion Egileor, Kandido Uranga, Iñigo Gastesi, Arnatz Puertas, Nerea Sanz, Alizia Otxoa, Loinaz Jauregi, Fariba Sheikhan, Jone Laspiur, Ugaitz Alegria, Olatz Ganboa, Olaia Aguayo, Iñigo Aranburu, Nerea Mazo, Aia Kruse, Ramon Agirre, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Iñake Irastorza, Paco Sagarzazu, Koldo Almandoz, Iñigo Azpitarte, Izaro Nieto, Iraia Eliast, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Mikel Pagadi, Kepa Errasti, David Pérez Sañudo, Ugaitz Alegria, Patricia López Arnaiz, Edurne Azkarate, Haizea Carneros, David Losada, Jon Muñoz, Haritz Kortabarria, Mikele Arizkorreta, Nekane Otxoa, Nerea Sanz, Iraia Elias, Ainhoa Etxeberria, Ainhoa Artetxe, María Urcelay, Ane Rotetxe, Larraitz Zuazo, Ane Picaza, Aitor Borobia, Lara Izagirre, Saioa Goitia, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Iraia Elias, Telmo Irureta, Jon Lukas, Ane Rot, Asier Rikarte, Ainhoa Larrañaga, Ainhoa Azpitarte, Urko Olazabal, eta horiekin batera Go!azen (Adriana Sánchez, Ander Aierza, Jon Alonso, Nerea Arriola, Nerea Elizalde) eta Irabazi Arte telesaileko (Joan Bailador, Joana Garitano, Markel Uranga, Dorleta Urretabizkaia, Tessa Andonegi, Sua Enparantza, Aritz Basterra) hainbat ordezkari; Karmele Soler, Aranzazu Calleja, Paul Urkijo eta Nerea Torrijos Goya irabazleak; Eder Aurre, Getary, Borja Hernández eta Aldabaldetreku sideinatzaileak; musika munduko Zea Mays eta Süne; eta, EITBko hainbat aurpegi ezagun, tartean June Ansoleaga, Miriam Duque, Juan Carlos Etxebarria, Saioa Martija, Mikel Pagadi, Lur Errekondo, Aketza López, Klaudio Landa, Miriam Cabeza, Maddalen Arzallus, Sara Gandara, Jon Plazaola… Eta jakina, Zinemaldian presente dauden filmetako ekipoak.

