Publizitatea
Itxi

2021/06/09

15:25

EITB TALDEA

Akordioa

EITBk arraunaren leiho izaten jarraituko du TKErekin aliantza berritu ostean

EITB Media

Borja Rodrigo Traineru Kluben Elkarteko presidenteak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak lau urterako akordioa izenpetu dute asteazken honetan (ekainak 9), EITBren Bilboko egoitzan.

  • Borja Rodrigo TKEko presidentea eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia

    Borja Rodrigo TKEko presidentea eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EITBk eta Traineru Kluben Elkarteak datozen lau urteetan estropaden jarraipena egiteko akordioa berritu dute asteazken honetan (ekainak 9) Bilbon. EITBren egoitzan bertan Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak eta Borja Rodrigo TKEko presidenteak sinatu duten hitzarmenari esker, EITBk arraunaren leiho izaten jarraituko du eta, teknologia aurreratuenez baliatuz, geurea den kirolari behar bezalako zabalkundea emango dio.

Uztailaren 3an Coruñan hasi eta irailaren 19an Portugaleten amaituko da aurtengo arraun denboraldia. Euskal traineruen lehen mailako bi ligak, Euskotren (emakumeena) eta Eusko Label (gizonena), oso-osorik jarraitu ahal izango dira EITBn: telebistaz, ETB1en eta eitb.eus-en, eta irrati bidez, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.

Joseba Urkiola, Borja Rodriguez, Andoni Aldekoa eta Iratxe Etxeberria.

Joseba Urkiola, Borja Rodrigo, Andoni Aldekoa eta Iratxe Etxebarria.

Gizonezkoen ligan 18 bandera jarriko dira jokoan eta urtero bezala playoffetako bi jardunaldi egingo dira. Emakumezko arraunlarien egutegian 10 bandera eta bi playoff saio dituzte.

Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak gidatuko dute telebistako emanaldia. Euskadi Irratian, Manu Maritxalar da arraun emankizunen arduraduna, Patxi Egurrola adituarekin batera, eta Radio Euskadiko esatariak, berriz, Asier Kareaga kazetaria eta Mikel Ojeda aditua dira.

Ahalegin teknologiko handia

Jarraipen osoa eta zabala prestatu du EITBk arraun emanaldietarako. Estropadak ahal den ikusgarrien eta datuak modu zehatzenean eskaintzeko ahalegin teknologiko handia egingo du. Gure arrauna gizarteak eskatzen dituen aldaketetara egokitu eta munduan zehar erakustea da helburu nagusia.

Naturak aparteko protagonismoa izango du aurten. Kontakizuna aberastu eta analisiak sakondu asmoz, euskal itsas ondoen batimetriak (urpeko infografiak) eskainiko ditu Euskal Telebistak. AZTIrekin elkarlanean, euskal itsas hondoak ikusteko aukera izango dugu. Hala, harkaitzak, korronteak, itsasgora eta itsasbeherek, edo beste elementuek estropadan izan dezaketen eragina aztergai hartzeko aukera izango da.

Bi orduko zuzeneko saioa egiteko 30 profesional baino gehiago aritzen dira lanean: errealizazio taldea, kameralariak, soinu teknikariak, kazetariak, produktoreak, ingeniariak…

Emankizun hauetan funtsezko medio gehiago itsasotik aritzen dira lurretik baino. Traineruen jarduna jarraitzeko kamera txiki bat kokatzen da popan eta beste bat katamaranean. Helikopteroan dagoen kamerak, berriz, estropadaren goiko planoa eta herri bakoitzeko geografia ikusteko aukera ematen digu. Halaber, itsasoan zuzenean kirolari edo entrenatzaileei elkarrizketak egiteko beste kamera bat egoten da.

Baina irudiaz harago, arrauna erakargarri egiten duen beste elementu garrantzitsu bat izaten da: audioa. Ikus-entzuleek arraunlarien ahotsak entzun eta haien esfortzuaren gordintasuna jasotzen dute traineru bakoitzean jarritako mikrofonoen bitartez.

Honi guztiari datuak batu behar zaizkio: estatistikak eskaintzen dira zuzenean, baita emaitzak, sailkapena, denborak, historikoa…  Traineruen momentuko GPS posizionamendua erakusten duen infografia ere une oro eguneratzen da eta katamaranean kokatutako anemometroak haizearen datu zehatza eskaintzen du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;