Itxi

EITB TALDEA

Korrika 22

1.373.000 ikustaldi lortu ditu Korrikaren zuzeneko eta etengabeko emanaldiak

EITB Media

EITBk Korrikaren helmugan ere lasterketaren jarraipen zabala eskaini zuen, beste hedabideekin elkarlanean. Saio bereziak eskaini ziren telebistan eta irratian.

  • EITBk Korrikaren amaiera zuzenean eskaini zuen.

    EITBk Korrikaren amaiera zuzenean eskaini zuen.

Korrika iraun duen 11 egunetan, EITBk euskararen aldeko lasterketaren 24 orduko zuzeneko eta etengabeko emanaldia eskaini du Euskal Herri osoan zehar. Ekimenak arrakasta handia izan du eta jarraitzaileen erantzun ezin hobea: 1.373.000 ikustaldi lortu ditu martxoaren 31an hasi eta apirilaren 10ean amaitu den etengabeko emanaldiak. Igandean, Korrikaren amaieraren azken metroetan izan zuen emisioak ikustaldi gehien aldi berean, zehazki, 3.500 ikustaldi.

Aurten, EITBk Youtube plataforma erabili du euskararen aldeko lasterketaren zuzeneko emanaldia egiteko. Bertatik jaso dute seinalea eitb.eus-ek eta EITBko aplikazioek, baita gainerako hedabideek eta lasterketan parte hartzen ari diren eragileek ere, euren sare sozialetan eta webguneetan partekatu ahal izateko.

Bataz beste, zortzi minutu ingurukoak izan dira ikustaldiak eta 296.700 erabiltzaile bakarretik gora ibili dira Korrikaren gora-beherak ikusten orain arte.

Bestalde, eitb.eus webguneak Korrikari buruz eginiko gainontzeko edukiek 180.000 erabiltzaile baino gehiago izan dituzte. Eduki horien artean, argazkiak, bideoak eta ibilbidea izan dira ikusienak.

Korrikaren amaieraren jarraipen zabala EITBn

EITBko hedabideek Korrikaren amaieraren jarraipen zabala eskaini zuten igandean euskal hedabideekin elkarlanean. ETB2k zuzeneko saio berezia eskaini zuen Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuta eta euskaldunen artean lider izan zen % 12,4ko kuotarekin.

Halaber, irratiak Donostiatik arituko ziren lasterketaren amaiera zuzen zuzenean eskainiz, Euskadi Irratiko "Amarauna" saioak, Radio Euskadiko "Más que Palabras" eta Radio Vitoriako "Déjate llevar" irratsaioak ere bertatik bertara bizi izan zuten Donostian bildu zen giro paregabea.

'Gaur Egun' Donostian.

'Gaur Egun' Donostian.

Igandeko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak ere, Lierni AgirrezabalaK eta Xabier Ormazabalek aurkeztuta, hurrenez hurren, eta Ana Ramosek eta Jose Ituartek gidatutako kirol tarteak Donostiatik zuzenean eskaini zituen ETBk.

Behin Korrika amaituta, Donostiako jai handia osatzeko, "Egunean Behin", Korrika eta EITBren artean Boulevardean bertan antolatutako "Egunean Behin partida flasha" jokatu ahal izan zuten ehunka pertsonek, Gazteako Antton Telleriak aurkeztuta.